Politika -

Pariseko Auzitegia

Goienetxeari eta Retari 7 urteko espetxe-zigorra ezarri diete ETAko kide izateagatik

Ortzaizen atxilotu zituztenean armagabetzea prestatzen ari zirela azaldu zuten biek astelehenean, epaiketaren hasieran. Bestalde, Mateo, Lekunberri eta Etxebehere ez dituzte espetxeratuko.

Mateok, Lekunberrik eta Etxebeherek ez dute zigorrik beteko. Artxiboko irudia: EiTB
Mateok, Lekunberrik eta Etxebeherek ez dute zigorrik beteko. Artxiboko irudia: EiTB
Mateok, Lekunberrik eta Etxebeherek ez dute zigorrik beteko. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Auzitegiak Xabier Goienetxeari eta Iñaki Reta de Frutosi zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri die gaur ETAko kide izateagatik. Biak 2015eko uztailean atxilotu zituzten, Ipar Euskal Herrian.

Kartzelaldia arintzeko neurriak lortu baino lehen, gutxienez zigorren bi herenak espetxean betetzeko agindua eman du auzitegiak. Zigorra bete ondoren, biak Frantziatik behin betiko kanporatzea erabaki du epaileak.

Goienetxearen kasuan, Frantzian jadanik betetzen ari den zigorrarekin metatzea erabaki du auzitegiak.

2017an 14 urteko zigorra ezarri zioten. 2010eko martxoaren 16an, Pariseko eskualdean autoak lapurtzen ari zenean, ETAko talde batek jendarmeekin borroka armatua izan zuen. Jean-Serge Nerin polizia hil zuten liskarrean, ETAren azken biktima. Goienetxea talde horretako kide izateagatik zigortu zuten.

Armagabetzea

39 urteko Goienetxeak eta 59 urteko Reta de Frutosek astelehenean, epaiketaren hasieran azaldu zutenez, Ortzaizen (Nafarroa Beherea) atxilotu zituztenean armagabetzea prestatzen ari ziren, baina euren jardueraren edo klandestinitatearen inguruko xehetasunik ez zuten eman.

Reta de Frutosek astelehenean azpimarratu zuenez, ETAk  borroka armatua behin betiko lagatzea zein armagabetzea erabaki zituen 2011n, “horretarako material guztia berreskuratzea eta zigilatzea beharrezkoa zen”. Zentzu horretan, atzeman zitzaien materiala helburu horretarako zela erantsi zuen.

Ortzaizeko bi etxetan ostatu eman zieten. Bi etxebizitza horietan, 2006an, Frantziako hego-ekialdean, lapurtutako lote baten bi pistola desarmatu, nortasun agiri faltsu ugari, artxibo informatiko kodifikatuak eta eskudirutan 8.395 euro atzeman zizkieten.

Mateo, Lekunberri eta Etxebehere, salbuetsita

Era berean, Jean-Francois Mateo eta Marie Therese Lekunberri bikotea auziperatu dute, baina biak aske zeuden. ETAko bi kideak horien etxean zeuden atxilotu zituztenean. Grazi Etxebehere ere akusaturik egon da. Antza denez, aldez aurretik, Goienetxeari eta Retari ostatu eman zien Etxebeherek.

Etxebehereri 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Parisko Auzitegiak, baina ez du zigorrik beteko, hau da, epaileak ez du kartzelara bidaliko. Era berean, bikoteari sei hilabeteko zigorra ezarri diote, baina ez du beteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Paris Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak