Politika -
Bi elkarte publikoetan
Arabako Aldundiak 17 kontratu irregular sinatu zituela salatu du PPk
2008. urte bitartean sinatu zituen Aldundiak kontratu horiek "berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak gorde barik", Javier De Andres Arabako PPko buruaren esanetan.
Erredakzioa
2008. urte bitartean Arabako Foru Aldundiak sinatutako 17 kontratu ustez irregularrak izan zirela salatu du Javier De Andres Arabako PP alderdiaren idazkari nagusiak.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) fiskalizazio txostenean argitaratutako informazioa dela azpimarratu du PPko buruak. Informazio horren arabera, ustez 14 kontratu irregular sinatu zituen Aldundiak Arabako Lanak enpresarekin, eta beste 3 Naturgolf elkartea publikoarekin. De Andresen arabera, "berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak gorde gabe" sinatu ziren kontratu horiek.
Hori dela eta, Xabier Agirre diputatu orokorraren agerraldia eskatuko du PPk, "elkarte publikoetan jazo dena argitzeko asmoz".
Arabako PPko idazkariaren hitzetan, kontratazio hauek "lotsagarriak" dira, are gehiago krisialdi ekonomikoan egonda. Gainera, tankera honetako kontratazioak egitea "ohiko jokabidea" izan dela nabarmendu du.