Politika -

Gabon gaueko mezua

Bizikidetza bermatzeko batasuna eta Konstituzioa errespetatzea eskatu du Felipe VI.ak

Espainiako erregea Konstituzioa defendatu, zaindu eta babesteko beharraz aritu da ohikoa den Gabon gaueko mezuan. Halaber, "gazteek bizi dituzten zailtasunak" izan ditu ardatz.

Felipe VI.a Espainiako erregea, Gabon gaueko mezuan. ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia
Felipe VI.a Espainiako erregea, Gabon gaueko mezuan. ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia
Bizikitzetzarako, Konstituzioa errespetatzea eskatu du Espainiako erregeak

0:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.a Espainiako erregeak Konstituzioa errespetatzeko deia egin du Gabon gaueko mezuan. Bizikidetza bermatzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Felipe VI.ak, eta herritarrak batzen dituzten "lotura estuak" sendotzeko eskatu du. Espainiako erregearen iritziz, "gorrotoarekin,  gaitzondoarekin, konfrontazioarekin eta zatiketarekin bateraezina da hori". Halaber, "gazteek bizi dituzten zailtasunak" izan ditu ardatz.

Aurten, Felipe VI.ak ez du Katalunia aipatu, baina bizikidetza dela eta, "Konstituzioa errespetatu" beharra dagoela ziurtatu du. Bere esanetan, Konstituzioa "herritarren eskubideak babesten dituen errealitatea da, bizirik dagoena". Hala, Konstituzioa gaurkotu daitekeela eman du ulertzera.

Testuinguru horretan, bizikidetza "demokraziaren altxor preziatuena" dela esan du, hau da, "gazteei utzi ahal diegun ondarerik onena". Arrazoi horregatik, denon artean babestu beharra dagoela azpimarratu du.

"Ezinbestekoa da bizikidetza uneoro bermatzea", esan du Espainiako erregeak bereziki gazteengana zuzendutako mezuan. "Bizikidetza pertsonen, ideien eta besteekiko eskubideenganako errespetuan oinarrituta dago", gaineratu du.

Gauzak horrela, "espainiar guztiak batzen gaituzten lotura estuak zaindu eta sendotzen jarraitu beharra dugu. Gorrotoarekin eta gaitzondoarekin bateraezina da hori, jarrera horiek iraganaren  parte direlako, eta ezin ditugulako berpizten utzi".

Bestalde, Konstituzioaren 40. urteurrena izan du hizpide Espainiako erregeak, eta Trantsizio garaian "elkarrekin" lan egiteko borondatea nagusi izan zela gogora ekarri du. Bere esanetan, garai hartan herrialdearen etorkizuna jokoan zegoen, baina herritar guztiek "adostasuna bilatzeko ahalegina" egin zutela nabarmendu du. Hala, "bere egitekoa betetzen duenari errespetua" agertzeko eskatu die Espainiako erregeak herritarrei.

"Haien ideiak eta sentimenduak zirela eta pentsaera kontrajarriak izan arren, Espainian demokrazia eta askatasuna bermatzea eskatzen zuten guztiek, eta bizikidetza bermatzeko legeak ezartzea nahi zuten", esan du Espainiako erregeak. Gauzak horrela, printzipio horiek inoiz ez ahaztea eskatu die herritarrei, "guztionak diren legeak guztiok errespetatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Felipe VI.a bideoak Espainia Gabonak albisteak Albisteak Gaur Albisteak