Politika -
PP eta EAJren kritiken aurrean
Mendia: 'Bata edo bestea egin, batzuek zero bat jarriko digute beti'
Eusko Jaurlaritzak "egitasmorik ez" duela esan du Urkulluk. Bestalde, Gasteizko Exekutiboaren eguneroko kudeaketari "gutxiegi" bat eman dio Basagoitik.
Erredakzioa
Patxi Lopezen Exekutiboak bata edo bestea egin, zenbait buruzagi politikok "aldez aurretik zero" bat jarriko diote Gobernuaren kudeaketari, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozermailearen hitzetan.
Hauteskundeak izan zirenetik bi urte bete direnean Gobernuaren ekintzaren balantze bat egiteko eskatu diote Mendiari kazetariek.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseilua bildu ostean agerraldia egin du bozeramaileak. Balantzerik egin behar ez zuela azaldu du Mendiak, izan ere, "legealdiaren bi urte maiatzean betetzen dira eta ez orain", argudiatu du.
Kritikak
Eusko Jaurlaritzak "egitasmorik ez" duela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Buruzagi jeltzalearen adierazpenak izan ditu hizpide Exekutiboko bozeramaileak. "Hau edo bestea egin, buruzagi politiko batzuek zero bat jarriko digute aldez aurretik", adierazi du Mendiak.
Gasteizko Exekutiboaren eguneroko kudeaketari "gutxiegi" bat eman dio Antonio Basagoiti PPko presidenteak. Zentzu horretan, PPren balantzea kontraesankorra dela esan du Mendiak, legeak onartzeko orduan PP lehentasuna duen bazkidea delako EAEn.
Era berean, bi urte horietan PPrekin izandako "akordioa" goraipatu du Jaurlaritzako ordezkariak, "horrek indarkeriaren desagerpena eta bakea hurbilago izatea ahalbidetu duelako, tolerantzia zero eta irmotasun demokratikoaren politikari esker".