Politika -

Ertzaintza

Ares: '230 ertzain berriak ETAren amaieraren lekuko izango dira'

Urte amaieran zerbitzuan hasten denean, 8.000 agenteko plantilla ofiziala osatuko da lehen aldiz 180 gizon eta 50 emakume berrirekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren XXIII. promozioa osatuko duten 230 gizon-emakumeak Arkautiko Akademian sartu dira gaur oinarrizko prestakuntza-ikastaroa hasteko. Hori egin ondoren, ertzainak izango dira. Prestaketa amaitutakoan, urte bukaera aldean, ertzain etxe eta unitateen plantillan sartuko dira, eta horrela, historian lehen aldiz, Ertzaintza 8.000 agenteko kopuru ofizialera iritsiko da.

Ikasle berriei Akademiara ongietorria emateko hitzaldian, Herrizaingoko Sailburuak, Rodolfo Aresek, Ertzaintzak delinkuentzia mota guztien aurka egiten duen lanarekin jarraitzera deitu ditu, terrorismoaren kontra ere bai, eta ''''horren amaieraren lekuko'''' izango direla iragarri du. Gainera, Guardia Zibilari zorionak eman dizkio Jaurlaritzaren eta euskal gizartearen izenean.

Ertzain izango direnei zuzenduta, Aresek azpimarratu egin du Arkautin "balio etiko eta demokratikoetan" jasoko duten "formazio sendoa", eta euren konpromisoa eskertu die. "Ertzaina izateak herritarren segurtasunarekin konpromisoa hartzea esan nahi du, gurea bezalako gizarte demokratiko, anitz eta moderno batean elkarbizitza bermatzeko", adierazi du.

Sailburuak nabarmendu duenez, promozio berriari esker "Ertzaintza Segurtasun Batzordean adostutako 8.000 agenteen kopurura helduko da lehen aldiz", eta pozik agertu da agente berri hauek sartuta "plantilla modu egokian gaztetu ahalko dugulako".

Aresek eskerrak eman dizkio Ertzaintza osoari, eta bereziki Terrorismoaren Aukako eta Informazio Dibisioari, ETA lehenbailehen desagertzeko egiten ari den esfortzuagatik; "azken bultzada baino ez da falta", esan du. Amaitzeko, agente izango direnei zuzendu da: "Bederatzi hilabete barru, lehen aldiz kalera irteten zaretenean, Ertzaintza osoak duen konpromiso bera izango duzue zuek ere, Euskadi guztiok nahi dugun gizarte baketsu eta askea izatea lortzeko".

Bestalde, eskerrak eman dizkio Guardia Zibilari, Jaurlaritzaren eta euskal gizartearen izenean, gaurko operazio bikainagatik. Atxiloketa horiek "terrorismoaren behin betiko amaiera lortzeko pauso bat gehiago dira, polizia-taldeak ez daudela tregoan erakusten dute eta terroristek ez dutela inoiz euren helburuak lortuko eta euren helmuga bakarra kartzela dela baieztatzen dute", aipatu du Aresek.

230 plazaraino handitutako promozioa

Ertzaintzaren XXIII. Promoziorako deialdiak 140 plaza zituen hasieran. Geroago, baina, hautaketa prozesuan zehar, kopuru hori handitu egin zen, gaur Arkautin sartu diren 230 ikasle kopurura iritsi arte; horrela, denbora honetan zehar plantillan hutsik geratu diren plazak beteko dira. Ikasle berrien artean, 180 gizon eta 50 emakume daude, joan den urtarrilean EAEANko sententzia batek emakumeentzako plazen ehuneko bat gordetzeko klausula ezeztatu eta gero.

Gehienezko adina ere aldatu egin da XXIII. promozioan lehen aldiz 35 urtera zabalduta. Horretarako euskal polizia-taldeetara sartzeko prozesua arautzen duen Araudia aldatu dute. Ikasle berriek bete beharreko gainerako baldintzak aurreko promozioetan jarritakoen antzekoak dira: 18 urte baino gehiago, espainiar nazionalitatea eta gutxienez eskola-graduatuaren mailako titulazio akademikoa izatea. Baldintza horiek beteta, hautaketa prozesu luzea gainditu behar izan dute ikasleek; ezagutzak, gaitasun intelektuala eta pertsonalitatea erakusteko probak eta baldintza fisiko zein psikoteknikoak neurtzeko ariketak gainditu behar izan dituzte.

Datozen bederatzi hilabeteotan, etorkizuneko agenteek prestaketa prozesu sakona gainditu beharko dute, gai asko landuta, baina, batez ere, legearen agente bihurtzeko ezagutza eta teknika ugari bereganatu beharko dituzte. Azken urteetan, Akademiak gai berriak landu ditu agenteak prestatzeko, genero indarkeria edo immigrazioa esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea