Politika -

'Gabonetako argazkia'

Idoia Mendia 'haserre', Otegirekin egindako argazkiagatik jasotako kritiken aurrean

PSE-EEko idazkari nagusiak gogor erantzun die beste alderdi politiko batzuetako buruzagiekin Gabonetako erreportaje batean parte hartzeagatik jasotako kritikei.

Idoia Mendia, PSE-EE alderdiko idazkari nagusia. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Idoia Mendia, PSE-EE alderdiko idazkari nagusia
Idoia Mendia, PSE-EE alderdiko idazkari nagusia. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia "haserre" agertu da beste alderdi politiko batzuetako buruzagiekin, tartean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearekin, egindako Gabonetako argazkiaren harira jasotako kritika "gogorren" aurrean. "Nik eta nire alderdiak ere direnak eta ez direnak jasan ditugu ETAren indarkeriarekin", esan du.

Gainera, ziurtatu du "askatasunarekin bukatu nahi izan zuten horiei PSE-EEk beti exijituko diela garaipen etikoaren aintzatespena, faltsukeriatik eta populismoetatik harago".

Mendiak modu horretan erantzun die beste alderdi politiko batzuetako buruzagiekin Gabonetako erreportaje batean parte hartzeagatik jasotako kritikei. Argazki horretan, Otegi ez ezik, Andoni Ortuzar EBBren presidentea eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea ere azaltzen ziren.

Ildo horretan, euskal sozialisten buruak ziurtatu du "egun zailak" igaro dituela, "akusazio gogorrak" entzun behar izan dituelako. "Alde pertsonalean ez didate minik egiten, dagoeneko edozer ikusi eta entzun dudalako, baina nire alderdiaren eta nire alderdikideen konpromiso etiko eta demokratikoa zalantzan jartzeak haserretzen nau, guk ere direnak eta ez direnak jasan ditugulako politikan aritzeagatik.

Demokraziaren garaipena

Bestalde, Mendiak adierazi du "demokraziaren garaipena dela gaur egun Sortuk eta EH Bilduk erakundeetan haien ideiak hitzen bitartez defendatzea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak