Politika -
Legalizazioa eztabaidan
Gobernuaren bost frogak Sortu legez kanpo uzteko
Estatuko Abokatutzak demanda aurkeztu du Auzitegi Gorenaren aurrean Sortu alderdien erregistroan sartzea saihesteko. Alderdi berriak ETArekin dituen bost "loturak" aipatzen dituzte helegitean.
Erredakzioa
Estatuko Abokatutzak demanda aurkeztu du gaur Auzitegi Gorenaren aurrean Sortu alderdi politikoen erregistroan sartzea saihesteko. Alderdi berriak ETArekin dituen bost "loturak" aipatzen dituzte helegitean.
Besteak beste, Ibon Fernandez Iradi Susper-i atzemandako agiriak agertzen dira. Sorturen sorrera bultzatu zuten lagunetako bat "ETAn sartzeko elkarrizketetan izan" zela dio Estatuko Abokatutzak. Era berean, alderdi berriko beste bultzatzaile bat euskal presoei laguntzeko kontu korronte baten jabea dela argudiatzen du Gobernuak.
Estatuko Fiskaltzaren esanetan, Sortu eta ETA lotzen dituzten ustezko "konexioak" ondorengoak dira:
- Jose Maria Compains abokatu nafarraren (Sorturen talde bultzatzaileko kidea) eta Eneko (Ekineko kidea), haren semearen, artean espetxean izandako elkarrizketa. Eztabaidaren une batean "nahi genuen lekuan ditugu", esaten du semeak, Batasuna Sorturekin lotuz.
- Sonia Respaldiza Bombin Sorturen talde bultzatzaileko kidea Susper-i atzemandako zenbait agiritan agertzen da. Respaldiza ETAn sartzeko aukeraz mintzatzen da dokumentuetan, "talde armatu bateko kide izatera arte". Abokatutzaren esanetan, Respaldiza "erradikala" dela argi uzten du horrek, izan ere, "ETAko kide berriak lortzeko arduradunen aurrean azaldu zuen". Respaldizak Sorturen aurkezpen publikoan parte hartu zuen otsailaren 8an.
- Iñaki Goyoaga Llano eta Arantza Zulueta abokatuen parte-hartzea. Gobernuaren hitzetan, Zulueta "ETAren laguntzaile leiala izan da urtetan zehar". Bi abokatuak bermepean aske daude egun, presoak kontrolatzeko ETAko egituraren parte izatea egotzita.
- Jose Javier Artola Sorturen bultzatzailea "ETA erakunde terroristako presoen kolektiboa laguntzeko fondoak gordetzeko" kontu korronte baten jabea da. Konkretuki, 18/98 sumarioko auzipetuei laguntzeko kontu baten titularra da. Unibertsitateko lagunek egindako ekarpenak biltzen ditu kontu korronteak.
- Otsailaren 9an, alderdi berriaren estatutuak erregistratzeko, Madrilera joateko, erabili zituzten ibilgailuak "ETA-Batasuna sarearekin lotutako bi pertsonek alokatu zituzten". "Horietako bat terrorismo delitu batengatik zigortu dute eta erakunde terroristako kide izatea egotzita auzipetuta dago egun", Exekutiboaren ahotan.