Politika -
Martxoak 3ko biktimak
'Bloody Sunday' elkarteko kideek justizia eskatu dute Gasteizen
Duela 35 urte, Gasteizen, Poliziak egindako tiroen ondorioz hil ziren bost langileak omendu dituzte senideek Zaramaga auzoan. Irlandako senideen elkarteko kideak omenaldian izan dira.
Erredakzioa
Martxoak 3ko biktimen senideek ''BloodySunday'' (Igande Odoltsua) kolektiboaren elkartasuna jaso dute gaur Gasteizen. Irlandan gertatu bezala, Gasteizek "egia eta justizia merezi" dituela esan dute elkarte horretako ordezkariek.
Duela 35 urte, Gasteizen, Poliziak egindako tiroen ondorioz hil ziren bost langileak eta 100 zaurituak omendu dituzte senideek Zaramaga auzoan. Biktimak gogorarazteko oroitarrian omenaldia egin diete. Langileen batzar bat desegiteko Poliziak tiro egin zuen.
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak antolatu dute ekitaldia. Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko ordezkariek eta Tony Gillispie eta Tony Doherty Irlandako ''BloodySunday'' (Igande Odoltsua) kolektiboko ordezkariek parte hartu dute omenaldian.
Elkartasuna
Martxoaren 3ko senideei elkartasuna adierazi die Irlandako ordezkaritzak eta "merezitako egia eta justizia" jaso dezaten eskatu du, Derryn (Irlanda, 1972) hildako 14 lagunen senitartekoei gertatu bezala. 40 urte pasa ondoren "hildakoen errugabetasuna demostratu ahal izan" dutela esan dute, "Britainia Handiko Armadak tiro eginda hil ziren", erantsi dute.
Irlandako igande odoltsuaren eta Gasteizko martxoaren 3aren arteko "antzekotasunak" azaldu ditu ''BloodySunday''ko ordezkariak. "Denborak ez ditu krimenaren oroimena eta bidegabekeria ezabatuko", adierazi du. "Espainiako Estatua" erruduntzat jo du Gillispiek.
Omenaldiak egiteaz gain ekitea garrantzitsua dela esan du Gillispiek. "40 igarota Britainia Handiko Gobernuaren gezurrak zigortzea lortu" dutela azaldu du. "Zuek ere berdina egin dezakezue, eta lortuko duzue", animatu ditu omenaldiko partehartzaileak.