Politika -
Bidaia ofiziala
Urkullu: 'Giza Eskubideek politikaren erreferente izaten jarraitu behar dute Europan'
Rene Cassin legelari lapurtarrari egin dioten omenaldian parte hartu du lehendakariak eta Guido Raimondi Giza Eskubideen Auzitegiko presidentearekin ere bildu da.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Estrasburgora (Frantzia) bidaiatu da gaur, Rene Cassin legelari lapurtarrari egin dioten omenaldian parte hartzeko. Gainera, Guido Raimondi Giza Eskubideen Auzitegiko presidentearekin bildu da. Bilera horren ostean, Urkulluk giza eskubideak aldarrikatu ditu, "Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi gisa".
"Mehatxu populisten eta muturrekoen aurrean, humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira giza eskubideak", esan du lehendakariak.
Urkullurekin batera Maria Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari nagusia bidaiatu dira Estrasburgon.
Giza Eskubideen egoitzan, Rene Cassineri egin dioten omenaldian parte hartu dute lehendakariak eta Raimondik, legelariari Nobel Saria eman ziotenetik 50. urteurrena betetzen baita.
Lehendakariak Europako egungo egoera politikoa ere aipatu du. "Europa funtsezko erreferentzia da gure etorkizunerako"; hori dela eta, Brexita gertatuz gero, adostasunean oinarrituta gertatzea espero duela esan du Urkulluk. Nolanahi ere, lehendakariak esan du egungo egoerak "aniztasunean oinarritzen den Europa integratuagoaren eta batuagoaren etorkizuneko proiekturako pizgarri izan behar du".
Bestalde, Urkullu Ana Otadui Bizkaiko Batzar nagusietako presidentearekin egon da Rene Cassin Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuaren egoitzan; bertan, Gernikako zuhaitzaren kimu bat landatu dute.
Rene Cassin
Rene Cassin 1887ko azaroaren 5ean jaio zen, Baionan. Zuzenbideko eta Historiako ikasketak egin zituen, eta Lehen Mundu Gerran ordurako bakearen alde eginiko borrokagatik zen ezaguna. Rene Cassin zenbait erakundetako kide eta sortzaile izan zen, besteak beste, UNESCOkoa. 1964an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentea izan zen, eta kargu garrantzitsuak bete zituen, esaterako, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko presidentetza.
Rene Cassin funtsean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eginiko ekarpenagatik gogoratzen da, izan ere, erredaktore nagusietako bat izan zen. Adierazpena 1948an onartu zen eta, 20 urte geroago, 1968an, Bakearen Nobel saria eman zioten, adierazpenagatik beragatik. Saria banatzeko ekitaldian, Cassinek honako hitz hauek esan zituen: "Ez da bakerik egongo planeta honetan, inon giza eskubideak urratzen jarraitzen badira". Sariaren bidez jasotako dirua Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua (René Cassin Fundazioa) sortzeko erabili zuen.
Bestalde,Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria sortu zuen, beren jarduketaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Abenduaren 10ean ematen da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.