Politika -

Atxiloketak Katalunian

Poliziak 16 pertsona atxilotu ditu Gironan, tartean CUPeko bi alkate

Guztiak aske utzi dituzte arratsaldean, baina 2018ko urriaren 1ean tren-zerbitzua moztu izana eta, ondorioz, desordena publikoak eragitea egotzi diete.

200 lagun inguru bildu dira Gironako polizia-etxearen aurrean. Argazkia: EFE
200 lagun inguru bildu dira Gironako polizia-etxearen aurrean.
200 lagun inguru bildu dira Gironako polizia-etxearen aurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 16 lagun atxilotu ditu Gironan, tartean Verges eta Celra udalerrietako alkateak (CUP), 2018ko urriaren 1ean desordena publikoak eragin izana egotzita. Erreferendumaren urteurrenean, abiadura handiko trenaren geltokian sartu ziren hainbat manifestari eta tren-zerbitzua bi orduz moztu zuten.

Poliziak ohar batean azaldu duenez, atxilotuek euren abokatuen laguntzarekin deklaratzeko aukera izan dute eta ondoren guztiak aske geratu dira, epaileak deklaratzera noiz deituko zain.

Gironako komisariaren kanpoaldean 200 lagun inguru bildu dira, tartean zenbait ordezkari politiko, atxilotuak aska zitzatela eskatuz. Atxilotu guztiak txaloka hartu dituzte, banan-banan ateratzen joan diren heinean.

Ignasi Sabater Vergeseko alkateak eta Dani Cornella Celdrakoak adierazi dute ez deklaratzeko eskubideari heldu diotela eta, beraz, ez dituztela poliziaren galderak erantzun.

Cornellak azaldu duenez, Sabater atxilotu dutela jakin duenean abokatuaren bila joan da, komisariara bertaratzeko asmoz, eta orduan atxilotu dute bera ere.

Sabaterrek esan du osasun zentro batera eraman behar izan dutela, eskuburdinak zauria eragin diolako eskuan. Ondoren, berriro eraman dute polizia-etxera.

Vergeseko alkatearen iritzian, atxiloketekin "beldurra" zabaldu nahi dute, "etxean gera gaitezen".

"Herrietan autodeterminazio eskubidearen eta demokraziaren alde gaude, eta kataluniar guztiei deia egiten diegu urriaren 1ean eta 3an kalera ateratzera eraman gintuen izpiritua berreskuratzeko eta, batez ere, guztiok bat egin dezagun".  

Cornellak ere ildo beretik hitz egin du: "Ez dugu amore eman, eta herrietan 2017ko urriaren 1eko proiektu politikoa eraikitzeko lanean segitzen dugu. Inork ez dezala pentsa horrelako polizia-operazioarekin ezer geldiaraziko dutela. Independentismoa kriminalizatzeko ke-lainoak baino ez dira atxiloketak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak