Politika -
Biktimak
EA ez zuten gonbidatu Isaias Carrascoren omenaldira
Eusko Alkartasunak azaldu duenez, Pello Urizar idazkari nagusia ez zen joan PSE-EEk antolatutako ekitaldi bat izan zelako eta ez zuelako gonbidapenik jaso.
Erredakzioa
Eusko Alkartasunak azaldu duenez, Pello Urizar idazkari nagusia ez zen joan Isasias Carrasco ETAk duela hiru urte hil zuen zinegotzi ohiaren omenaldira PSE-EEk antolatutako ekitaldi bat izan zelako eta ez zuelako gonbidapenik jaso.
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ekitaldi hartan botatako galderari erantzute aldera agiria kaleratu du EAk, izan ere,buruzagi sozialistak kritikatu egin zuen Urizar bertan ez izatea.
Alderdi abertzaleak esan du bere kideak "normalean" joaten direla "ETAren biktimen omenaldietara, gonbidatzen dituztenean". Horren harira, Fernando Buesaren omenaldian izan zirela gogorarazi dute.
"Hala ere, Eusko Alkartasuna ez da beste alderdi politikoek antolatutako ekitaldira joaten gonbidapena jasotzen ez badu", gaineratu du.
EAren arabera, "gonbidapenik jasotzen ez denean familiak hala nahi izan duela ulertzen dugu, eta ondorioz, omenaldia nahi duten bezala egiteko aukera errespetatu egiten dugu".
Urizarrek, era berean, elkartasuna helarazi nahi izan dio Carrasco familiari.