Politika -

Hitzaldia Londresen

Lehendakaria: 'Ongizate Estatua ez da zenbakien menpe egon behar'

Ongizate Estatuak "baliabide publikoak eta ekonomia herritarren zerbitzura jartzen ditu eta horren truke guztiei lankidetza eta esfortzua eskatzen digu", adierazi du Patxi Lopezek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ongizate Estatuaren jasangarritasuna "ez da bakarrik zenbakien menpe egon behar, borondate kolektiboaren menpe baizik", esan du gaur Patxi Lopez lehendakariak.

Lopezek hitzaldia eman du arratsaldean, Londresen, ''Sozialdemokrazia eta Ongizate Estatua XXI. Mendean'' izenburupean. London School of Economics (LSE) ikastetxeak antolatutako hitzaldi sortaren aurrenekoa izan da.

Ongizate Estatuak "baliabide publikoak eta ekonomia herritarren zerbitzura jartzen ditu eta horren truke guztiei lankidetza eta esfortzua eskatzen dizkigu", azaldu du Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.

Ongizate Estatua "desegin nahi dutenen" aurrean, "esfortzu partekatuaren, elkartasunaren eta helburu amankomunen balio zaharrak" berreskuratzea proposatu du lehendakariak, "itxaropena emateko".

Gizarte solidario batek eta erakunde publiko indartsuek "aurrera egiteko aukerak bermatzen dizkigute guztiei", defendatu du lehendakariak.

Ongizate Estatua mantentzeko diru nahiko dagoen edo ez berdin dio, Lopezen hitzetan, "familia batean jaiotzea txiro ed ez izateko baldintza bakarra izatea nahi ez badugu".

ETA

Euskadik duen "arazo nagusia" ETA dela berretsi du Patxi Lopezek bere hitzaldian. Gehien bat "demokrazian zehar" hil egin duen "erakunde terrorista" dela gogoratu du lehendakariak, "Euskadik Europako autogobernu mailarik altuena zuenean, alegia".

Ondorioz, diktadurarekin bukatzeko helburuarekin jaiotako erakundea ez zela izan nabarmendu du. "Amesgaiztoaren bukaeran" gaudela uste du lehendakariak. ETA eta babesa ematen dioenek "betirako indarkeria" bukatu egin dela barneratzen doaz, bere hitzetan.

Ezker abertzalea "norabide horretan doala" onartu du Patxi Lopezek, baina euskal gizartean "eszeptizismoa" badagoela gaineratu du, aurretik "iruzur egin digutelako". Hala ere, herritarren artean "itxaropena" ere nabari dela esan du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea