Politika -
Ezker abertzalea
Erkizia: 'Gobernuak tortura txalotzea eskatu dio Sorturi'
Tasio Erkiziak gogor kritikatu ditu Espainiako Gobernuak Sorturi egindako eskaerak. Bere ustez, atxiloketak "politika egiteko eskubidearen aurka doaz".
''Tortura eta Guardia Zibilaren lana txalotzea'' eskatu dio Espainiako Gobernuak Sorturi, Tasio Erkizia ezker abertzaleko bozeramailearen ustez. "Eskaera" horiek gogor kritikatu ditu Batasuneko Mahai Nazionaleko kide ohiak, Info7 irratiari eskainitako elkarrizketan.
Zentzu honetan, ETAren aurkako azken operazioaren alde agertzeko eskaera eta kale borroka gaitzesteko eskaera salatu ditu Erkiziak.
Bere ustez, "politika egiteko oinarrizko eskubidearen aurka" doaz azken atxiloketak. Bestalde, edukiontziak erretzea, gehienetan "bihurrikeriak" izaten direla esan du Tasio Erkiziak. "Beste batzuetan, poliziaren probokazioak izaten dira", gaineratu du.
Bestalde, atxilotuak inkomunikatzeak "tortura gogorrak" dakartzala azpimarratu du ezker abertzaleko bozeramaileak.