Politika -

Bederatzi lotura

Fiskaltzak Sorturen aurka aurkeztu dituen frogak

Alderdi abertzale berria Batasunarekin eta ETArekin lotzen dituen bederatzi zantzu sartu ditu Fiskaltzak demandan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk alderdien erregistroan izena ematea saihestu nahi du Fiskaltzak. Alderdi abertzale berria Batasunarekin eta ETArekin lotzen dituen bederatzi zantzu sartu ditu Fiskaltzak gaur aurkeztutako demandan:

- Sorturen estatutuak Batasunaren talde juridikoak diseinatu ditu eta "ezker abertzalea egitasmo berriaren bultzatzailea dela argi uzten da". Fiskaltzaren esanetan, ezker abertzalea aipatzen denean, "Batasuna da errealitatean".

- Batasunako arduradunek "egitasmo berrian izandako parte-hartzea onartzen dute publikoki, ukatu beharrean", azpimarratu du Fiskaltzak.

- Ondorioz, Sortu "ez da bat-bateko ekimena (…), Batasunaren barnean egindako gogoeta luzearen emaitza da".

-2010ean Batasunako kideek agerraldiak egin eta prentsaurrekoak eman zituzten egitasmo politiko berri baten agerpena jakitera emateko.

-2010eko azaroaren 27an, Iruñean, egindako ekitaldian, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiak eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak (ANV) ''Proiektu politiko berri baterantz'' agiria aurkeztu eta Sortu markaren sorrera iragarri zuten.

- Bilboko Euskalduna Jauregian Sortu aurkeztu zutenean Batasunako zuzendaritzako "ia kide guztiak" bertan izan ziren, baina Sorturen bultzatzaileak ez ziren agertu.

- Otsailak 8an, Nicolas Moreno Elorrioko alkateak (ANV) Sortu babesteko eskatu zion Europako Legebiltzarrari, Bruselan. Moreno "alderdi berri horretako kidea ez bada" eskaera hau zergaitik egin duen galdetu du Fiskaltzak.

- Sorturen "sinbologia" ere zalantzan jarri du Fiskaltzak. "Batasunarekin zerikusia izan zezaketen ikurrak ezabatzeko helburuarekin" egindako diseinua aurkeztu du Sortuk, Fiskaltzaren ustez. "Ez da kasualitatea, legez kanporatutako alderdia Sorturekin grafikoki ez erlazionatzeko neurria baizik".

- ETAk ezker abertzalearen "apustu politikoarekin bat" egiten zuela adierazi zuen Gara egunkarian iragan irailean.

-"Batasunak erabakitako" Sortuko bultzatzaileetatik hiruk Batasunarekin erlazioa dutela argudiatu du Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea