Politika -
Erasoa, bertan behera
ETAk lehendakaria hil nahi zuen Puellesen urteurrenean
"Otazua taldea"k zehaztasun handiko fusil bat erabili nahi zuen Patxi Lopezen kontra, Vasco Pressek terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Erredakzioa
ETAk Patxi Lopez lehendakaria hil nahi zuen iaz zehaztasun handiko fusil batekin, Jaurlaritzaren burua Eduardo Puelles poliziaren hilketa oroitzeko omenaldira joan zenean.
"Otazua taldea"k burutu behar zuen atentatua eta horretarako Frantziatik iritsi behar zitzaion frankotiratzailearen arma, baina ez zen iritsi, eta atentatua bertan behera geratu zen, Vasco Pressek terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Guardia Zibilak iragan astean desegin zuen "Otazua taldea"ren ustezko kideen deklarazioarekin, Patxi Lopez lehendakariaren kontra frankotiratzaile batek tiro egin nahi izan zuela jakin ahal izan dute. Erasoa Eduardo Puellesen hilketaren urteurrenean, iaz, egiteko asmoa omen zuten.
Segurtasun indarrek uste dute atentatua ez zutela egin ez zitzaielako arma egokia iritsi, hau da, ez zitzaien frankotiratzailearen fusila iritsi.
Guardia Zibilak Mosin Nagant fusil errusiar bat atzeman zuen urtarrilaren 9an Zamoran, ETAko kideek furgoneta bat Portugalera eraman nahi zutenean. Furgoneta hori lehergaiz bete eta Madrilgo Kio dorreak eraisteko erabili nahi zutela zabaldu dute aipatu iturriek.
Furgoneta Zamoran atzeman izanak, Madrilgo atentatua saihesteaz gain, lehendakariaren kontrako erasoa ere galarazi zuela uste dute, izan ere, fusila segurtasun indarren esku geratu zen.