Politika -
Ospitalean dago
Rubalcaba 'askoz hobeto dago' eta gela arrunt batera eraman dute
Igandetik Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean dago Rubalcaba ministroa, gernu-infekzioa atzeman ziotenetik.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa "askoz hobeto" dagoela esan du gaur Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak. Hala ere, lanera noiz bueltatuko den ez dakiela nabarmendu du. "Ez dakit zenbat egun emango dituen ospitalean, baina ondo dagoenean lanera bueltatuko da, oso gizon langilea delako", azaldu du.
Igandetik Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean dago Rubalcaba ministroa, gernu-infekzioa atzeman ziotenetik. Atzo arratsaldean, zainketa intentsiboetako unitatean sartu behar izan zuten, sukar altua kontrolatu ahal izateko. Gaur eguerdian, gela arrunt batera eraman dute, sukarrik ez zeukalako.
Zapaterok ez du zuzenean Rubalcabarekin hitz egin, baina "mezu bat" bidali dio. "Bartzelona eta Arsenal partida ikusteko aukera izatea espero dut", gaineratu du.
Gobernuak iragarri duenez, Rubalcaba ez da bihar Kongresuan egongo, osoko bilkuran.