Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sorturen gaineko zalantzak bozen aurretik argitzea nahi du Urkulluk
EAJren presidenteak uste du alderdi horren gainean dagoen zalantza "lainoa" hauteskundeak baino lehen argitu behar dela eta horretarako Sorturen "ekintzak" espero ditu.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak eskaria egin dio Sorturi: hauteskundeen aurretik bere gainean dauden zalantzak argi ditzala.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Urkulluk azaldu duenez, "ekintzak" espero ditu ezker abertzalearen alderdi berriaren aldetik bere gainean dagoen zalantza "lainoa" argitzeko.
Gainera, ETAren "Otazua taldea"k su-etenean oraindik ekintzak egiteko asmoari buruz egin duten gogoeta "publikoa" izan dadila eskatu die.
Kutxak
Bestalde, Urkulluk ukatu egin du bere alderdiak "ordezkari gehiegi" dituenik euskal kutxen zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzaren salaketa ukatuz.
Urkulluk azpimarratu du asanbleetan duen presentzia "euskal kutxen sistemaren araberakoa" dela "erakunde fundatzaileetatik hasi, udaletan segi eta zozketetara arte".
Gainera, 2008an Kutxak eta BBK-k bat-egiteko egindako ahalegina izan du hizpide, zeren EAJk proposatutakoa izan bazen ere, ez zuen nahikoa babes jaso Kutxan, eta horrek agerian uzten du "EAJk ordezkari gehiegi dituela esaten dutenen salaketak ez duela zentzurik".