Politika -

Europako Hauteskundeak 2019

'Orain Errepublikak' hautagaitzaren baitan aurkeztuko dira EH Bildu, ERC eta BNG

Josu Juaristi, Oriol Junqueras eta Ana Miranda izango dira zerrendaburuak. "Faxismoari aurre egitea eta askatasuna eta demokrazia defendatzea" izango dira hautagaitza bateratuaren helburu nagusiak.

Santiagon egin dute 'Orain Errepublikak' hautagaitzaren aurkezpena. Argazkia: EFE
Santiagon egin dute 'Orain Errepublikak' hautagaitzaren aurkezpena.
Santiagon egin dute 'Orain Errepublikak' hautagaitzaren aurkezpena. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu, ERC eta BNG alderdi soberanistak batera joango dira Europako hauteskundeetara datorren maiatzaren 26an, eta gaur ekitaldia egin dute Santiagon (Galizia) hautagaitza bateratua aurkezteko: 'Orain Errepublikak' deituko da.

Josu Juaristi (EH Bildu), Ana Miranda (BNG) eta Oriol Junqueras (ERC) izango dira zerrendaburuak. Junqueras espetxean dagoenez, Diana Riba zerrendan bigarrena izan da Compostelako aurkezpenean.

Juaristiren esanetan, "oso garrantzitsua da elkarlana indartzea Estatu espainiarraren aurrean". Hori dela eta, Asturias, Aragoi eta Kanarietako "kideei" gonbita luzatu die hautagaitza honetara batu daitezen, 2014ko hauteskundeetan egin zuten moduan.

EH Bilduren europarlamentariak uste du "estaturik gabeko nazioak aitortzeko baldintza politikoak" sortzea ezinbestekoa dela, eta horretarako "lan handia" egingo dutela agindu du.

"Gurea faxismoari aurre egiteko eta askatasuna eta demokrazia irmotasunez defendatzeko hautagaitza da, baita tokiko sektore produktiboak eta herritarren interesak defendatzeko ere", azpimarratu du Ana Mirandak.

Bestalde, Diana Ribak Kataluniako gatazka eta preso politikoak izan ditu gogoan. "Oriol Junquerasek eta nire senarrak, Raül Romeva, politikagintza utzi behar izan dute urtebete daramatelako preso", salatu du. "Hautagaitza osatzen dugun hiru alderdiok Estatu espainiarraren inboluzio demokratikoaren aurrean askatasuna defendatuko dugu", erantsi du.

Maiatzaren 26ko hauteskundeetan bi aukera izango direla ohartarazi du: "populismo autoritarioa edo ezker transformatzailea". Ildo horretan, hausnarketa egiteko eskatu du Ribak, "Europako Parlamentuan eskuin muturreko diputatuak izango dira, eta horrek esan nahi du zerbait gaizki egiten ari garela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Europako hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu Galizia Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak