Politika -

Sorturen agiria

Zapatero: 'ETA bizirik den bitartean, Sortuk zail izango du'

Dena den, Espainiako presidentearen hitzetan, Sorturen adierazpena isiltasuna baino hobe da. Sortuk errefusatu egin du Lopez lehendakariaren aurkako atentatu saiakera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Sortuk azken agirian adierazitakoa "isiltasuna baino hobe da, baina ETA desagertzen ez den bitartean, Sortuk legezkoa izateko zailtasunak izango ditu".

"Sorturen adierazpena ohiko isiltasuna baino hobe da", esan du presidenteak Espainiako eta Poloniako bilera baten osteko prentsaurrekoan. Dena den, "ETA bizirik den bitartean, Sortuk zail izango" duela jakin behar dutela iragarri du.

Ez dira Gobernuak edo Parlamentuko gehiengo batek edo besteak ezarritako zailtasunak izango, Zapateoren esanetan; "gizartearen borondateak jarritako zailtasunak izango dira, askatasunaren oinarriak jokoan daudelako", gaineratu du.

"Gaur egin duten adierazpena ohiko isiltasuna baino hobe da, eta orain arte emandako laguntza baino hobe", adierazi du.

Presidenteak adierazi du talde terroristaren ustezko planak errefuxatzea, indarkeria ekintzen aurrean isiltzea baino hobea dela, baina herriak ETA desagertzea nahi duela gaineratu du.

Sortuk errefusatu egin ditu gaur Patxi Lopez lehendakariaren aurkako atentatu saiakera eta azken egunetan jakin izan diren ETAren gainerako "ihardueren planifikazioak".

Ramon Jauregui

Ramon Jauregui Presidentetzako ministroaren hitzetan, "demokraziak Sorturen borondateari buruz zalantza izateko eskubidea dauka"; izan ere, "indarkeriarekin behin betiko bukatzeko asmoa dutela erakusteko aukera dute". Hala ere, azken hitza epaileek dutela ohartarazi du.

Era berean, "iraganarekin bukatu dutela erakusteko aukera itzulezina" dutela uste du Jaureguik.

Ildo horretan, Gobernuak "bere irizpidea mantentzen" duela esan du, eta azken hitza auzitegiek izango dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea