Politika -
Omenaldia Madrilen
Biktimen arteko ezadostasunak agerian, M-11ko zazpigarren urteurrenean
Biktimek Madrileko alkateordea salatu dute "M-11koen aldeko 'beste monumentotxo' behin eta berriro eskatzeagatik edozein egunetan Monterako putei ere bat egin beharko diegu" esateagatik.
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eta Terrorismoaren Kaltedunen 11-M Elkarteak diztuzten ezadostasunak agerian utzi dituzte 2004ko martxoaren 11an, Madrilen, izandako atentatuen zazpigarren urteurrenean. Bertan 192 pertsona hil eta 1.927 zauritu ziren. Batzuk atentatuak ikertzen jarraitzearen aldekoak dira eta beste batzuk, berriz, auzia "itxita" dagoela azpimarratu dute.
Angeles Pedraza AVTko presidenteak Erretiro Parkeko Oroimenaren Basoko ekitaldian adierazi duenez, "justizia ez da erabatekoa izango egi osoa ezagutzen dugun arte". Hori dela eta, sumarioa berriro irekitzea eskatu du.
Bestalde, Pedraza AVTko presidenteak apirilean 9an Sorturen legeztatzearen kontrako manifestaziora joateko eskatu du. "Nola liteke ETAko kide izan direnekin, eta kartzelan egondakoekin, osatutako alderdiak erakundeetan egoteko baimena lortzea? Hortik hasita, ezinezkoa da", azaldu du.
M-11: "Kasu itxia"
Pilar Manjón M-11ko Kaltedunen Elkarteko presidenteak Atotxa geltokian egindako ekitaldian adierazi duenez, "ikerketek dena argitu zuten eta kasua itxita dago". Ekitaldi honetan CCOO eta UGT sindikatuak eta Aktoreen Batasuna izan dira.
Majonek biktimentzako errespetua eskatu du eta "epaiketa serio baten ondoren, egiaren ardatz nagusiak ezagutzen ditugu". Era berean, "egiaren bila dabiltzala eta horretarako paperak dituztela diotenak" kritikatu ditu. Bere hitzetan, "paper horiek ere instrukzioa eta epaia izan zuten".
Polemika eta monumentua
AVTak eta 11-M elkarteak ekitaldi ezberdinak antolatu izana gogor kritikatu dute. Hala ere, Majonen kritikak Madrileko Udalari zuzenduta egon dira M-11ko biktimen oroimenezko monumentua "biktimak kontuan izan gabe" inauguratzeagatik.
Hare gehiago, Majonek Manuel Cobo alkateordeak gaur inauguratutako monumentuaren inguruko bilera batean izandako jarrera salatu du: "Edozein egunean Monterako puten aldeko monumentu bat egin beharko dugu" esan omen zien, "M-11koentzat beste ''monumentotxo'' bat eskatzen joatea" kritikatu ostean.