Politika -
Tortura
'Ikerketa ofiziala' egiteko eskatu dio Nafarroako Torturatuen Sareak Foru Gobernuari
"Azken hamarkadetan Nafarroan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofiziala, profesionala eta independentea" eskatu diote Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Berriki sortu den Nafarroako Torturatuen Sareak "ikerketa ofiziala, profesionala eta independentea" egin dezan eskatu dio Nafarroako Gobernuari, "azken hamarkadetan Nafarroan torturak izan duen eragina argitzeko".
60ko hamarkadatik mila kasutik gora izan direla uste du Sareak, eta salatu du Konstituzio Auzitegiak eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez diotela Gobernuari gaiari buruzko ikerketak egiten uzten.
Horregatik, esan dutenez, "gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Nafarroako Gobernuak torturaren inguruko ikerketa ofiziala burutu dezan, Euskal Autonomia Erkidegoan egin zen moduan". EAEn "erakundeetan isildutako egia ofizialki onartu" zen.
Zentzu horretan, Sareak "torturatuak izan diren pertsona guztiei ekimen honetan parte hartzeko gonbita" luzatu die, eta herritarrei "bide horretan" laguntzeko eskatu die.
Otsailaren 13an, torturaren aurkako eguna Euskal Herrian, mobilizazioak egingo dituzte.
"Jendarteari eta hurrengo belaunaldiei gertatu dena argitzea zor diegu, hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inork ez dezan inoiz jasan behar guk pairatu duguna", bukatu dute.