Politika -

NAFARROA

Ahal Duguko Uharteko zinegotzi batek Geroa Baiko beste bati eraso egin dio

Nafarroako Ahal Duguk kanporatze espedientea ireki dio Fran Espinosa zinegotziari. EH Bilduk, Uharteko Talde Independenteak, Geroa Baik eta PPNk Espinosaren dimisioa eskatu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Ahal Duguren Koordinazio Kontseiluak kanporatze espedientea zabaldu dio Fran Espinosa Uharte Aldatzen udal taldeko zinegotziari, Jose Antonio Beloqui Geroa Baiko zinegotziari "eraso fisiko justifikaezina" egiteagatik. Horrez gain, behin-behinean, militantziatik kanporatu du. EH Bilduk, Uharteko Talde Independenteak, Geroa Baik eta PPNk, ostera, Fran Espinosaren dimisioa eskatu dute. 

Ohar bidez Nafarroako Ahal Duguk jakinarazi duenez, Koordinazio Kontseiluak aho batez hartu du erabakia gertaeren "larritasunaren" berri izan ostean. Atzo goizean gertatu zen erasoa Uharteko Udalean.

Ahal Duguk "babes eta elkartasun" osoa adierazi die Jose Antonio Beloquiri, Geroa Bairen Uharteko udal taldeari eta, oro har, udalbatza osoari. Koalizio morearen iritziz, gisa horretako gertakariek "ez dute tokirik gizarte demokratiko batean". Halaber, indarkeria erabat baztertu du. 

Bestalde, zinegotzi akta entregatzeko eskaera egin dio Espinosari.

EH Bilduk, Uharteko Talde Independenteak, Geroa Baik eta PPNk dimisioa eskatu dute

EH Bilduk, Uharteko Talde Independenteak, Geroa Baik eta PPNk Fran Espinosa zinegotziaren dimisioa eskatu dute, Geroa Baiko zinegotziari "bortxaz eta atzetik bultza egiteagatik".

Elkarrekin argitaratutako ohar batean azpimarratu dutenez, aguazilek esku hartu behar izan zuten Fran Espinosa zinegotzia udaletxetik atera zedin. Aurretik, ordea, oihu egin zuen eta hitz txarrak ere izan zituen bertan zeudenekin.

Zinegotziak behin eta berriro izandako jarrera "bortitza" gaitzetsi dute. Halaber, Espinosak hainbat zinegotziri esandako irainak ere salatu dituzte.

Lau taldeen esanetan, Francisco Espinosa zinegotziaren erasoa "izebergaren punta" baino ez da. Salatu dutenez, hilabeteak daramatza udalbatzako gainerako kideak mehatxatzen, iraintzen, oihu egiten, besteekiko begirunerik ez izaten,... Bestalde, beren babesa adierazi diote Geroa Baiko zinegotziari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa gaur Albisteak Gaur Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa