Politika -

Barakaldon

Sanchez: 'Ez dugu inoiz autodeterminazioa onartuko'

Espainiako Gobernuaren presidentea "Konstituzioaren barruko elkarrizketa" defendatu du, "ibili daitekeen bide bakarra delako".

Pedro Sanchez, Barakaldoko ekitaldian / Irudia: EiTB.
Pedro Sanchez, Barakaldoko ekitaldian.
Pedro Sanchez: 'Konstituzioaren barruko elkarrizketa da bide bakarra'

0:36

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek "legearen eta Konstituzioaren barruko elkarrizketaren bidea" defendatu du, eta esan du "inoiz ez" dutela Kataluniako autodeterminazioa onartuko.

Espainiako Exekutiboko presidenteak, Barakaldoko BECen egindako ekitaldian, autodeterminazioa Konstituzioaren kontrakoa dela esan du, eta horregatik "ez dugu inoiz onartuko". "Konstituzioaren barruan, dena; Konstituziotik kanpo, ezer ez", gehitu du.

Horrela, Sanchezentzat "eztabaida ez da 'independentzia bai ala ez', baizik eta 'elkarbizitza bai ala bai'". Gobernuko presidenteak esan duenez, PSOEk beti defendatu du "Konstituzioaren barruko elkarrizketa, biderik luzeena delako, baina ibili daitekeen bakarra".

PSOE "Espainia autonomikoaren" defentsan kokatu du Sanchezek, "Kataluniako independentismoaren inorako bidaiaren" eta "eskuinaren atzera-bueltaren" artean.

Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa Erresuma Batuko erreferendumarekin alderatu du Sanchezek. "Bartzelonan Kataluniako gizartea betirako zatituko lukeen erreferenduma defendatzen dute, Erresuma Batuan EBtik irteteko erreferendumak egin zuen bezala". Gainera, presidenteak gehitu duenez, "Kataluniako gizarteak behin eta berriro esan du ez duela Espainiatik banandu nahi". Sanchezentzat, "inork ez" du Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearekin, eta "inork ez" du Kataluniako prozesu independentistarekin irabazi.

Horregatik, Espainiako Gobernuak "konponbide bat proposatzen du: blokeen dinamika gainditu eta Kataluniako autogobernua proposatu".

PP, Ciudadanos eta Voxen manifestazioa "zuri-beltzean" izango da

Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek iganderako Sanchezen politikaren kontra deitutako manifestazioaz ere hitz egin du Espainiako Gobernuaren presidenteak. Esan duenez, igandean Madrilen "zuri-beltzeko Espainia bat" ikusiko da, "atzera egitea besterik ez duena proposatzen", "Espainia positiboaren" aurrean, "eskubideak, askatasunak eta aukerak defendatzen eta nahi dituena".

Sanchezek ohartarazi duenez, manifestazioa "ultraeskuinak PP eta Ciudadanos erradikalizatuko dituenaren froga bat" izango da. "Abertzalea izatea" ez dela "beti 'gora Espainia' oihukatzea", baizik eta "egunero lan egitea Espainian hobeto bizitzeko".

Sozialisten buruak Pablo Casadoren hitzei erantzun die. Pentsioak eta abortua lotu zituen PPko presidenteak. "Pentsioak ez dira igotzen inoren eskubideak murrizten, eta are gutxiago emakumeenak. Egin beharreko galdera zera da: Zer motatako Espainiako batasuna defendatzen dute lehen mailako herritar gizonezkoak eta hirugarren mailako herritar emakumezkoak egotea nahi dutenek?", esan du.

Sanchezentzat, eskuina "berandu, gaizki eta arrastaka" heldu da "dibortzioaren, abortuaren eta matrimonio homosexualaren legeetara, "baina heltzen zen". Orain, aldiz, "ez dute heldu nahi, atzera itzultzea proposatzen dute eskubideen eta askatasunen onarpenean, eta estatu autonomikoa eta autogobernua zalantzan jartzen dituzte".

Gainera, popularraren kritika gogorrak ere aipatu ditu. "Arrazoirik ez daukalako iraintzen du", esan du.

Mendia: ETArekin bukatzea lortu zenean sozialistei "traidore" deitu zieten "berberak" dira

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan duenez, Pedro Sanchezi "traizioa" leporatzen diotenak "Zuzenbide Estatua" kaltetu gabe ETArekin bukatzea lortu zenean sozialistei "traidore" deitu zieten "berberak" dira.

Bere hitzaldian, sozialistek pluraltasunaren alde aurpegia eman dutela nabarmendu du Mendiak, eta esan du "batzuek ez zuten arazorik izan" sozialistei "traidore" deitzeko hauteskundeen "bezperetan", "Isaias Carrasco hil zuten" garaietan.

Sozialistarentzat, gaur Sanchezi "traizioa" egozten dioten "berberak" dira, "elkarrizketaren eta legearen" eta "Katalunian eta Espainia osoan elkarbizitza berrezartzeko arazo politikoak konpontzearen" alde egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak