Politika -
Erantzuna manifestazioari
Aresek negoziazio-mahaira itzultzeko eskatu die sindikatuei
Sindikatuek Aresek "gezurrak esateari uzten" dionean eta elkarrizketa foroetan "dokumentazioa ematen" duenean negoziatuko dute
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ertzainen lan-baldintzen inguruan "akordioak lortzeko prestutasuna" agertu die ErNE, Esan, Sipe eta Euspel sindikatuei eta negoziazio-mahira itzultzeko deia egin die.
Bilbon emandako prentsaurreko batean Aresek azaldu duenez, lau sindikatuek atzo egin zuten manifestazioan "agente asko" bildu ziren Jaurlaritzaren "inposizioak" salatzeko.Sailburuak esan du Herrizaingo Saila negoziatzeko prest dagoela adin batetik aurrera agenteek patruilatzeko beharrik izan ez dezaten, baina argitu du "ez dagoela" ertzaina horien soldatak osatzeko diru-funtsik, nahiz eta Ertzaintzaren erregulazio akordioan funts hori sortzeko asmoa agertu.
Egungo Jaurlaritzak "bi urte baino gutxiago" daramatzala gogorarazi du Aresek, eta ondorioz, ez dela funts hori ez sortu izanaren arduraduna.
Sailburuak ukatu egin du sindikatuek leporatzen dioten "harrokeria, elkarrizketa falta eta inposizioa", izan ere, Herrizaingo Saila "elkarrizketarako prest" dagoela berretsi du eta iaz lan baldintzak ezartzeko dekretu bat onartu bazuten, sindikatuen jarrera "itxia" eta negoziatzea "ezinezkoa" zelako izan omen zen.
Aresek azaldu duenez, Jaurlaritzak ertzainen bigarren garaia (57 urtetik aurrera) arautzea "baina ez deuseztatzea" proposatu du eta agenteek bigarren garai horretara jotzeko aukera izatea gaixotasunagatik ere.
Gizarte Segurantzak aitortutako ezgaitasunen bat dutenentzako ere hirugarren kasu bat aztertzeko prest agertu da Ares, aseguru baten bitartez pentsioaren 100 % jaso dezaten.
ErNEk eta beste hiru sindikatuek errefusatu egin zuen proposamen hori. Aresen ustez, "mozorrotutako aurrejubilazioa" nahi dute sindiaktuek "55 urtetik gorako agenteak soldataren 100 % kobratuta etxera joan daitezen", eta hori ez Jaurlaritzak "ez euskal gizarteak ez dute onartuko".
Sindikatuen erantzuna
Atzoko manifestaziora deitu zuten ErNE, ESAN, SIPE y EUSPEL sindikatuek Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari erantzun diote eta "gezurrak esateari uzten" dionean eta elkarrizketa foroetan "dokumentazioa ematen" duenean negoziatuko dutela adierazi dute. "Negoziazioak ez dira lortzen mahai batean ehun aldiz jesartzen edo inposaketak ezartzen, baizik eta elkarguneetara helduz", aldarrikatu dute.Ohar baten bitartez, sindikatuek sailburuak prentsaurrekoan esandakoari erantzun diote. Sindikatuek adierazi dutenez, Aresen "kanpaina mediatikoaren" atal berri bat da "erantzukizunak saihesteko". Eusko Jaurlaritza, "hiritarren administratzaile gisa, krisi egoera honetara eraman gaituen arduradunetariko bat dela", adierazi dute sindikatuek.