Politika -

Erasoa

Pablo Iglesiasen eta 'Pasionaria'ren hilobiak profanatu dituzte Almudenan

Bestalde, Almudenako hilerriaren alde katolikoan, Errepublikako banderak beltzez margotuta agertu dira Trece Rosas izenekoak gogorarazteko harresian.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias PSOEko sortzailearen eta Dolores Ibarruri Pasionaria Alderdi Komunistako buruzagiaren hilobiak profanatu dituzte gaur Almudenako hilerri zibilean.

Espainiako Poliziak azaldu duenez, hilerriko segurtasun enpresak astelehen honetan eman du pintaden berri.

El País egunkariak argitaratutakoaren arabera, Errepublikako banderak beltzez margotuta agertu dira Almudenako hilerriaren alde katolikoan, Trece Rosas izenekoak gogorarazteko harresian.

“Duela 140 urte sortu zuen Pablo Iglesiasek PSOE politikatik askatasuna, elkartasuna, berdintasuna eta justizia soziala defendatzeko. Haren memoriak milaka sozialisten lana gidatzen du gaur. Guren balioen alde egunero borrokan jarraituko dugu. Sekula baino beharrezkoagoak dira”, adierazi du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak txio batean.

Sare sozial berean, honakoa zabaldu du PSOEk: “Atsekabetuta, Pablo Iglesias gure fundatzailearen eta Pasionaria-ren hilobiak profanatu dituztelako eta 13 Rosas harresiari eraso diotelako. Eraso bandalikoa irmo gaitzesten dugu, eta Poliziaren ikerketaren zain gaude”.

Willy Meyer Marcos Ana elkartearen presidente eta eurodiputatu ohiak gaitzetsi egin du erasoa. Meyerren ahotan, “basakeriak berdintasunaren, askatasunaren eta emantzipazioaren historiako hiri ikur” kolpatu ditu, erasoa “ezin da zigorrik gabe geratu”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Madril Memoria Historikoa