Politika -

'Proces' auzia

Epaiketa 'mendeku' bat dela uste du Torrak, eta 'adorea' eskatu dio Sanchezi

“Auzia Europako eta nazioarteko auzitegietan amaituko da, eta irabaziko dugu”, adierazi du Kataluniako presidenteak.

Quim Torra Kataluniako presidentea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Epaiketa 'mendeku' bat dela uste du Torrak, eta 'adorea' eskatu dio Sanchezi
Torra: 'Buruzagiak akusatuen aulkian eserita egotea Demokraziaren kontrako erasoa da'

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Proces' auziaren epaiketa Kataluniako herriaren aurkako “mendeku ekintza bat” dela salatu du Quim Torra Generalitateko presidentak. Elkarrizketari berriz heltzeko eta aurrekontuen osoko zuzenketak saihesteko, “adorea eta ausardia” eskatu dizkio Torrak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari.

Epaiketaren lehen saioa bukatu ondoren, Torra Auzitegi Gorenetik Madrilgo Blanquerna Kultura Zentrora joan da, Generalitateak Ordezkaritza bertan baitu, prentsaurrekoa emateko.

“Auzia Europako eta nazioarteko auzitegietan amaituko da, eta irabaziko dugu. Espainiako batasunaren izenean justiziako egiteko asmorik ez, aberria salbatu nahi dutenek baizik argi izan dezatela”, adierazi du Kataluniako presidenteak gaztelaniaz, ingelesez eta katalanez.

Epaiketa Kataluniako herriaren aurkako “mendeku eta eskarmentu” bat dela esan du Torrak. Presidentaren hitzetan, epaiketako egun bakarrean Estatua “biluztu” da, eta “makroauzia jazarpen politiko” bat dela argi utzi du, preso independentistenganako “urraketa, murrizketa eta diskriminazioekin”.

Epaiketa “demokraziaren eta giza eskubideen kontrako erasoa da”, kritikatu du Kataluniako agintariak, baita “lotsagabekeria iraingarria XXI. mendeko Europan” ere.

"Beharrezko diren ate guztiak joko ditugu"

Horregatik, auzia berehala artxibatzea, “gutxieneko inpartzialtasun” bat lortzeko abokatuen oharrei jaramon egitea eta presoak “berehala” askatzea eskatu du Torrak, “bermeekin defendatu” ahal izateko.

Nazioarteko legelari, begirale eta erakundeei “epaiketa-iruzurra arretaz” jarraitzeko eskatu die Kataluniako buruzagiak, bertako “urraketak” salatzeko. “Kataluniako auzia” nazioarteko instantzietara eramango dutela aurreratu du. “Beharrezko diren ate guztiak joko ditugu”, ohartarazi du.

“Uneak eskatzen duen ausardia eta kemena” izateko eta “elkarrizketa mahaira itzultzeko” eskatu die Espainiako Gobernuari eta Pedro Sanchez presidenteari; izan ere, “Estatuarekin bitartekaritza posible ez bada”, nazioarteko bitartekaritza bultzatuko du.

Espainiako Gobernuak hauteskunde orokorrak apirilera aurreratzeko “zunda-baloiarekin mehatxu” egitea kritikatu du Torrak. “Hauteskunde mehatxuak beharrean, proposamen konstruktiboak entzun nahiko genituzke”, adierazi du presidentak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean