Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Jaurlaritzak sinesgarritasuna izan nahi badu, Darponek joan egin beharko luke'

Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, administrazioek prekarietatea bultzatu dute, 'baldintza negargarrietan lizitazioak' emanez.

Muñoz, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Radio Euskadi
Adolfo 'Txiki' Muñoz.
Muñoz, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Radio Euskadi

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak Osakidetzako azken lan eskaintza publikoaren inguruan egindako txostenarekin "pozik" dagoela adierazi du Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusia. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Osakidetzako lan eskaintza publikoaren inguruko filtrazioak eta irregulartasunak izan ditu hizpide nagusi. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritza eta Osasun sailburuaren etsipenerako egin da ikerketa. "Legegintzaldiaren hasieran gertatzen ari zena azaldu genion sailburuari. Osakidetzan sentsazioa da hau betidanik gertatu izan dela, baina orain frogak iritsi dira", azaldu du. "Gu ziur gaude sailburua dela arduradun politiko gorena. Gobernuak sinesgarritasuna izan nahi badu, (Darponek) joan egin beharko luke", gaineratu du.

Beste gai batzuei dagokienez, eztabaida politikoan "eskuinak duen hegemonia" salatu du. Ildo horretan, ezkerrean "planteamendu koral" bat falta dela uste du. "Ez da saiakerarik egin, eta ETAren ostean kontuak beste ildo batzuetatik joan dira. Ezkerra ziurtagiri moduko baten bila ari da", deitoratu du EH Bildu eta Elkarrekin Podemos zeharka aipatuz. Muñozen hitzetan, "ezkerrak ez daki non dagoen", "existitzen ez den eta eskuinera mugitzen ari den zentralitatea bilatzen ari den heinean, ezkerrak bere kultura, bere identitatea eta bere jendea galtzen ditu".

Bestalde, sindikatuen mugimendua desaktibatzeko estrategia bat dagoela iritzi dio. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak prekarietatea bultzatu besterik egin ez duela salatu du. "Baldintza negargarrietan lizitazioak ematen aritu da, bazekien langileak baldintza negargarrietan sartzen ari zirela, eta ez dute ezer aldatu", azpimarratu du.

Adolfo 'Txiki' Muñozek datorren apirilaren 5ean utziko dio ELAko idazkari nagusi izateari. Mitxel Lakuntza izango da aurrerantzean ELAko idazkari nagusia.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna Lana berriak Gaurko azken ordukoa Sindikatuen albistea