Politika -
Elkarrizketa ETBn
Oyarzabal: 'Sortu ETArekin hitzartuta dago'
Euskadiko PPko idazkari nagusiak kritikatu egin du EAJk alderdi abertzalearen legalizazioa eskatu izana.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusia ziur dago Sortu "ETArekin diseinatuta eta hitzartuta" dagoela, eta erakunde terroristak "gizartea berriz ez engainatzea" espero duela adierazi du.
ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, buruzagi ''popularrak'' adierazi du espero duela epaileek froga nahikoak izatea "gizartearentzat eta demokraziarentzat" egokiena den erabakia hartu ahal izateko. Izan ere, "demokraziaren balioak" jokoan daudela gaineratu du.
"ETAk ez dezala berriz engainatu gizartea, eta izapidea pasatzen badute, epaileek pasatzen uzteko froga nahikoak dituztelako izan dadila", nabarmendu du.
Oyarzabalen ustez, baina, "Poliziak, epaileek eta Fiskaltzak" esandakoek aski frogatzen dute Sortu Batasunaren jarraipena dela.
Kritikak EAJri
Euskadiko PPko idazkari nagusiak aitortu du politikari asko "urduri" daudela Sorturen balizko legalizazioa dela eta, eta kritika gogorrak egin dizkio EAJri: "Pribatuan, EAJko buruzagi askok esaten dute Sortu Batasuna eta ETA dela, eta ez luketela [iragazkia] ''pasatu'' behar, baina jendaurrean ''legalizazioa orain'' esaten ari dira, mundu horretako botoak jaso nahi dituztelako, eta horri lotsagarria deritzot".
Halaber, Sorturekin itunak egiteko irrikitan egotea leporatu dio alderdi jeltzaleari. "Iraganean egin zuen, baina formulak porrot egin zuen", ohartarazi du.