Politika -
Subsidiaritatea
Patxi Lopez: 'Erabakiak herritarrengandik hurbil hartu behar dira'
Lehendakariak gaur esan duenez, erabakiak "herritarrengandik ahalik eta hurbilen" hartu behar dira, "eraginkorragoak izateko".
Erredakzioa
Eskumenak eta baliabideak "modu logikoan" banatu behar direla uste du Patxi Lopez lehendakariak, batez ere "erakunde bakoitzak dituen erantzukizunak konutan hartuz" eta "arazoei aurre egiteko duen gaitasuna ondo aztertuz".
Lehendakariak gaur esan duenez, erabakiak "herritarrengandik ahalik eta hurbilen" hartu behar dira, "eraginkorragoak izateko". Bilbon egin ditu adierazpenok, Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak subsidariotasunari buruz antolatutako biltzarrean.
Lisboako Ituna indarrean sartu eta urtebetera, arlo horretan zein urrats eman diren aztertu dute ekimen honetan.
Patxi Lopezek Euskal Autonomia Erkidegoan energia aurrezteko hartu dituzten neurriak goraipatu ditu, besteak beste. Zentzu honetan, Lopezek udal eta eskualdeen protagonismoa aldarrikatu du inaugurazio saioan.
Bere esanetan, arazoak "globalak" dira, baina arazo horiei konponbidea emateko erabakiak "eraginkorragoak" izango dira "herritarrengandik gertuen dauden erakundeetan hartzen badira".
Subsidiariotasun kontzeptuari garrantzi handia ematen zaio Euskadin, Patxi Lopezek esan duenez. EAEk Eskualdeen Batzordearen bigarren lantaldean, energia aurreztea, Gizarte Berrikuntza eta enpresen ardura soziala hizpide izan dituenean, parte hartu duela ekarri du gogora lehendakariak.
Bestalde, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak esan duenez, Europako araudia herritarrentzat "moldatu" behar da, "eta ez, orain arte gertatu den modura, alderantziz". "Boterea herritarrei bueltatu behar zaie", gaineratu du.