Politika -
Agerraldia
Jaurlaritza: 'Sortu legezkoa den ala ez auzitegiek erabaki behar dute'
Auzitegiek erabakitzen dutena "onartu" egin beharko dute gainerakoek, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.
Erredakzioa
Sortu mintzagai izan du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozermaileak eta "alderdia legezkoa den edo ez auzitegiek erabaki beharko" dutela adierazi du. Auzitegiek erabakitzen dutena "onartu" egin beharko dute gainerakoek, erantsi du Mendiak. Gobernu Kontseilua bildu ostean egin ditu adierazpenak bozeramaileak.
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak "ez du iritzirik agertu" eta Sorturen legalizazioa "auzitegien eskuetan" dagoela gaineratu du. Horregatik, "zuhurtzia" eskatu du Gasteizko Exekutiboak.
"Gai honi buruz ez dugu gehiago hitz egin behar, bestela kanpaina egiten lagunduko diogu Sorturi", erantsi du.
PSEren eta PPren arteko harremana
Gainera, PSEk eta PPk Euskadin mantentzen duten harremana "sendoa, erraza eta konfiantzazkoa" dela azaldu du Mendiak, "mailarik altuenetan" zein "esparru baxuenetan".
Patxi Lopez lehendakariak Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearekin harreman "erraza eta iraunkorra" duela adierazi du bozeramaileak.
"Beste maila batzuetan harreman onak mantentzen dituzte", azpimarratu du.
PSEk hauteskundeen ostean adostu ditzakeen itunen inguruan ere azalpenak eman ditu Mendiak. Maiatzaren 22an herritarrek hitz egiten dutenean "itunetan pentsatzen hasiko gara, gobernua osatzeko beharrezkoak baldin badira", nabarmendu du.