Politika -
Ordezkaritza hiriburuan
Madrileko ordezkariaren figura berreskuratu du Eusko Jaurlaritzak
Irune Aguirrezabal izango da Gasteizko exekutiboaren ordezkaria Madrilen. Aguirrezabal Zuzenbide lizentziaduna da eta Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteorde ohiaren taldean lan egin zuen.
Erredakzioa
Madrileko ordezkariaren figura berreskuratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Legealdiaren hasieran ordezkari hori kendu egin zuen Exekutiboak, Euskadik Estatuko hiriburuan duen bulegoari "bultzada berri bat" eman nahian.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Madrilen Irune Aguirrezabal Quijera izango dela jakitera eman du Idoia Mendia Gasteizko Exekutiboaren bozeramaileak. Aguirrezabal Zuzenbide lizentziaduna da eta Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteorde ohiaren taldean lan egin zuen.
Aguirrezabalen izendapenarekin bulegoak ordezkaritzaren statusa berreskuratzen du Estatuko hiriburuan. Patxi Lopez Gobernura heldu zenean ordezkaritza bulego izatera pasatu zen eta ordezkariaren figura kendu egin zuten.
Presidentetzaren egituran
Hala ere, ordezkaritzak Kanpo Ekintzaren agintaritzapean lan egiten zuen Juan Jose Ibarretxeren agintaldian eta orain Presidentetzaren egituran sartuko dute.
Erabakia "zuzenketa" bat denik ukatu du Mendiak, izan ere, "bulegoak existitzen jarraitzen zuen", eta erakundeari "bultzada bat" eman nahi diotela azaldu du.
PSE Jaurlaritzara heldu zenetik "ia bi urte" pasa direnean "Madrilen euskal erakundeen ordezkari bat izatea" komenigarria dela onartu du Gobernuko bozeramaileak.