Politika -
Diputatuen Kongresua
Euskara, katalana eta galegoa erabiltzea baimendu du Bonok saio batean
Alderdi nazionalistek hitz egiteko beren txandetan eta idazkietan hizkuntza koofizialak erabiltzearen alde egin dute.
Erredakzioa
Jose Bono Kongresuko presidenteak katalana, galegoa eta euskara erabiltzeko baimena eman du gaur, Kongresuan mozio bat eztabaidatzen ari zirela; izan ere, alderdi nazionalistek hitz egiteko beren txandetan eta idazkietan hizkuntza koofizialak erabiltzearen alde egin dute.
Dena den, PPk eta PSOEk ez dute mozioa onartu, eta ekimenaren sustatzaileek (CiU, EAJ, ERC eta BNG, IUrekin batera) bi alderdi horiek kritikatu dituzte, aniztasun linguistikoa Kongresuan normaltzeari uko egiteagatik.
Bonok hiru hizkuntzak erabiltzea baimendu eta Kongresuan askatasuna nagusi dela erakusteko egin duela esan du. Halaber, bihar hedabideetan Kongresuan askatasuna murrizten dela esaten duen titular "demagogorik" ikusi nahi ez duela gaineratu du.
Dena den, diputatuak beste hizkuntza batean hitz egiten entzutea gustatzen zaion arren, legea bete egin behar dela eta berak horren ardura daukala esan du Bonok.
Aitor Esteban EAJko diputatuak euskaraz egin du hitzaldi gehiena. Aurretik, Estebanek PPren eta PSOEren jarrera deitoratu du, gaztelaniaz.
Tardaren mintzaldia
Joan Tarda ERCko diputatuaren mintzaldiaren ostean berotu da giroa. Aurretik, Estebanek bere mintzaldia egiten zuen bitartean, Kongresuan zeuden diputatuak isilik egon dira eta ez dute protestarik egin.
Bonok Ricardo Tarnoren (PP) jarrera gaitzetsi du, popularrak zenbait aldiz eskatu baitio Ganberako presidenteari beste hizkuntza batzuen erabilera ez baimentzeko.