Politika -

Transferentziak

AP-68 autobidearen eskumena negoziatzen hasi dira Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua

Bi gobernuak "dokumentazioa elkartrukatzen" dabiltza. Beraz, oraindik ez dute argitu noizko eskualdatuko duten transferentzia hori, ezta apirilaren 28rako negoziazioa bukatuko duten ala ez.

AP-68 autobidea. Argazkia: Wikimedia Commons
AP-68 autobidea
AP-68 autobidea. Argazkia: Wikimedia Commons

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo eta Zaragoza lotzen dituen AP-68 autobidearen eskumena negoziatzen hasi dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.

Jaurlaritzako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, autobide horri buruzko "dokumentazioa elkartrukatzen" dabiltza bi aldeak. Beraz, oraindik ez dute argitu noizko eskualdatuko duten transferentzia hori, ezta apirilaren 28rako negoziazioa bukatuko duten ala ez.

Gaur egun Avasak du errepide horren gaineko titulartasuna. Hain zuzen ere, 2026ra arte du ardura hori. Horrek esan nahi du transferentzia eskualdatuko balitz, indarrean dagoen kontratua subrogatuko litzatekeela.

Guztira, 33 eskumen negoziatuko dituzte bi gobernuek 2020ko urtarrilera arte; horien artean, espetxe politiken transferentzia. Aitzitik, Gizarte Segurantzaren kudeaketarekin lotutako eskumenaren inguruan ez dute aurten eztabaidatuko. Zehazki, transferentzien bigarren blokerako utzi dute, alegia, 2019ko uztailerako.

AP-68 autobidearen negoziazioak hasi direla jakin ostean, Partido Riojano (PR+) alderdia kezkatuta agertu da, eta Jose Igancio Perez Saenz Errioxako Gobernuko ordezkariari eta Jose Ignacio Ceniceros presidenteari azalpenak eskatu dizkie.

"Rajoyren eta Sanchezen gobernuek Euskadiri egiten dizkioten opariek beti dituzte ondorio negatiboak Errioxan. Berdintasuna eta gardentasuna exijitzeko ordua da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua