Politika -
Bizkaia
Taldekideen 'jazarpena' salatu du Ahal Duguko Bizkaiko batzarkide Asun Merinerok
Bizkaiko Batzar Nagusiei "laguntza" eskatu die parlamentariak, eta Ahal Duguko bost taldekide epaitegietan salatuko dituela iragarri du.
Agentziak | Erredakzioa
Asun Merinerok, Ahal Duguko Bizkaiko batzarkideak, Batzar Nagusien babesa eskatu du bere taldeko beste kideen "laneko jazarpenaren" aurrean. Taldekide horiek epaitegietan salatuko ditu, "derrigortzea eta mehatxuak" leporatuta.
Merinerok azaldu duenez, ostegunean Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiari eta presidentziari zuzendutako idatzi bat erregistratu zuen, "jazarpenaren, zirikatzearen, informazioaren ukapenaren eta adierazpen askatasuna, herritarrak ordezkatzea eta ahaldun baten funtzioak betetzearen oinarrizko eskubideak taldean urratzearen" aurrean "laguntza" eskatuz. Horregatik, babesteko neurriak eskatu dizkio erakundeari.
Gainera, Merinok bere taldeko kide "antikapitalisten" (Jose Angel Elgezabal Dueñas, Neskutz Rodriguez, Nuria Atienza eta Eneritz de Madariaga) eta Nerea Rappen aurkako neurriak eskatu ditu. Horiek arlo penaleko epaitegian salatzeko asmoa dauka, derrigortzea eta mehatxuak leporatuta.
Batzarkidearen arabera, jazarpen hori "kontu politikoengatik" da, Ahal Duguko lehen idazkari orokorra izan zen Roberto Uriarteren aldekoa izateagatik.
Esan duenez, egoera horrek "bere osotasuna eta morala" kaltetu dizkio, eta lau baja hartzera behartu du (azkena, gaur egun), "lan inguruko antsietatea eta estresagatik".
Merinoren arabera, jazarpen "pertsonala eta lanekoa" denboran luzatu da, "taldeko estrategia" baten emaitza da. Esan duenez, Elsa Pamparacuatro talde horretako beste batzarkideari ere eragiten dio. Hori ere bajan dago.
Azkenik, alderdiarengana jo duela ere esan du, baina ez dituztela bere eskubideak, "osotasuna" eta "morala" babestu.