Politika -
Agiriaren gaineko erreakzioak
Urkullu: 'ETAk bazterrak nahastea baino ez du nahi'
Urizarren (EA) ustez, Espainia eta Frantzia "desarmatzea egiaztatzeko batzordearen kide izan beharko lirateke". "Hauteskunde muntaiak" ekiditeko "adi" egoteko deia luzatu du Barredak (PP).
Erredakzioa
ETAk bere oharrarekin "behin eta berriz bazterrak nahastea baino ez du nahi", adierazi du Iñigo Urkullu EAJko presidentea. "34 urtetan porrot egin duen estrategia ezkutatzeko" gainerako alderdiek haiei "kanpaina egin nahi" izatea leporatu dio Urkulluk ezker abertzaleari.
"Ezker abertzale-polo soberanistaren magmak proiektu propiorik ez" izatea kritikatu du Urkulluk. Horren ustez, ezker abertzaleak "azkenean ulertzen ari da indarkeriak eta terrorismoak ez dutela inora eramaten", horregatik, "ziabogari ekin diote".
Pello Urizar EAko idazkari orokorraren hitzetan, igande honetako agiriak baieztatzen du "ETAk Bruselako agiriari eman zion erantzuna". Horrez gain, urtarrilaren 10eko su-etena egiaztatzeko "batzorde ofizial" bati jarritako "betoa" gainditu nahi du.
Urizarren aburuz, Espainiako eta Frantziako Gobernuek "desarmatzea egiaztatzeko batzordearen kide izan beharko lirateke". Baina hori "blokeatu" eta bidean "oztopoak" jartzen ari direla gaineratu du.
"Hauteskunde muntaiak eta B planak" ekiditeko "adi" egoteko eta "agiriekin arretarik ez galtzeko" deia egin du Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak.
Barredaren esanetan, agiriak "ez du ezer berririk esaten" eta "ETAk bere amaiera iragartzen duena" interesatzen zaien bakarra da.
Bestalde, Jon Abril Aralarreko koordinadoreordeak esan du "alde bakarreko erabakirik ez" dagoenez, ETAk "berriz ere, entzungor egin dio gizarteak eta Gernikako sinatzaileek eskatutakoari".
"Bakea oso kontu serioa da eta horrela hartu behar da", gaineratu du Abrilek.
Agiriarekin ETAk "heldutasuna" agertu duela iritzi dio Tasio Erkizia HBko buru historikoak. Horrela, ETAk "Euskal Herriaren etorkizunaren lekukoa euskal herritarren esku utzi du".