Politika -
MADRILGO MARTXAREN BIHARAMUNA
Pedro Sanchez: 'Elkarbizitza beti, independentzia inoiz ez'
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Madrilgo manifestazioaren biharamunean, Espainiako presidenteak esan du PSOEren gobernu batekin "inoiz ez dela gauzatuko Kataluniaren independentzia".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSOEk Batzorde Federala ospatu du igande honetan apirilaren 28ko hautagaiak eta maiatzaren 26ko udal, foru aldundi eta Europako hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hitzaldi luzea egin du bertan, eta eskuinaren arriskuaz ohartaraztearekin batera, ohartarazpen argia egin du, PSOEren gobernu batekin "inoiz ez dela gauzatuko Kataluniaren independentzia". Dena dela, "Konstituzioaren baitako akordioak" egiteko eta elkarbizitza errazteko prest agertu da.
Legea dela Kataluniako krisiari erantzuteko bidea esan du: "Beti egongo gara elkarrizketaren alde, baina Konstituzioaren barruan. Gobernu konstituzionalista gara eta beti beteko dugu eta betearaziko dugu Konstituzioa" esan du. "Elkarbizitza beti, independentzia inoiz ez" laburbildu du.
Kataluniako independentistekin ustezko akordioak dituela esanez gezurretan aritzea leporatu dio eskuinari.
Eta hain zuen ere, PPren Gobernuarekin "separatistak hobeto bizi" zirela gaineratu du, garbi geratu delako "PSOEren gobernu batekin inoiz ez dela gertatuko Kataluniaren independentzia"
Adierazpen hauek erabakitzeko eskubidearen alde Madrilen egin den manifestazio jendetsuaren biharamunean etorri dira. 120.000 lagunetik gora elkartu ziren larunbat honetan Espainiako hiriburuan, antolatzaileek zabaldu zutenez.