Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

EAk eta Alternatibak koalizioa osatuko dute hauteskundeetan

"Eremu guztietako ezkerreko subiranistek" osatuko duten "hauteskunde eskaintza" egin nahi dute, Nafarroan aurkeztutakoaren eredua (EA-Herritarron garaia) jarraituz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak Nafarroako "lekukoa" hartuko dute "Hego Euskal Herri osorako" eta "eremu guztietako ezkerreko subiranistek" osatuko duten "hauteskunde eskaintza" egingo dute maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako.

Pello Urizar eta Oskar Matute EAren eta Alternatibaren buruzagi nagusiek gaur egin duten bilera batean "Nafarroako ordezkarien lekukoa hartzea" adostu dute, izan ere, "larunbatean aldaketa egikaritzeko deia egin zuten (EAk eta Herritarron Garaia plataformak) eta dei hori Hego Euskal Herri osora zabaltzea" erabaki dute.

Euskal Herria Ezkerretik Akordioa sinatu zuten hiru alderdietako bi horiek (ezker abertzalea da hirugarrena) uste dute "beharrezkoa" dela "euskal gizarteari subiranotasunaren aldeko beste hauteskunde eskaintza bat egitea, siglen gainetik".

Hori horrela, agiri batean jakinarazi dute "bazterketarik eta betorik gabe ezkerreko subiranistak" ordezkatuko dituen eskaintza aurkeztuko dutela.

Azaldu dutenez, iragan larunbatean Lizarran "Nafarroako milaka herritar ordezkatzen dituzten indar politikoek subjektu politiko abertzale baten sorreraren alde egin zuten, aldaketa politiko eta soziala lortzeko, eta eskuinaren kontra egiteko alor guztietan".

Gaur goizeko bileran, EAk eta Alternatibak "babesa" agertu diote Nafarroako ekimenari eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere "ezkerreko subiranistekin harremanak" hasiko dituztela iragarri dute, "ahalik eta akordio zabalena lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea