Politika -

Eusko Jaurlaritzak

662.000 euro bideratuko dituzte pintadak eta kartelak kentzeko

"Biktimak iraintzen dituzten" kartelak, pintadak eta argazkiak kentzeko erabiliko dituzte laguntzak. Udal bakoitzak 40.000 euroko partida eska dezake.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 662.500 euro bideratuko ditu 2011. urtean "biktimak iraintzen dituzten" kartelak, pintadak eta argazkiak kentzeko.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal ezberdinetarako diru-laguntzak zehaztu egiten dira gaur onartu duten aginduan. Laguntza horiek, gehienez, 40.000 eurokoak izango dira.

Pintadak, kartelak, pankartak eta argazkiak garbitzeko edo kentzeko diru-laguntzak ematea ezartzen duen urteroko Agindua Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legean oinarrituta dago.

"Izan ere, biktimen duintasunari eraso egiten dioten pintada, kartel, argazki edo pankarten kontra jarduteko eskatzen die lege honek botere publiko guztiei", gogoratu du Mendiak.

Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu diru-laguntzak eta udaleko garbiketa zerbitzuaren zuzeneko gastuak zein enpresa edota zerbitzu espezializatuen kontratazioa ordaintzeko baliagarriak izango dira.

Laguntzen kopurua udalerrien tamainaren araberakoa izango da, eskala baten arabera: 5.000 biztanletik beherako udalerriek 10.000 euro jasoko dituzte, eta 50.000 biztanletik gorakoek 40.000 euro eskuratuko dituzte.

2010ean 26 Udalek eskatu zituzten pintaden garbiketa gastuetarako Herrizaingo Sailak eman zituen diru-laguntzak.

Kaleetan jarritako pintada, kartel eta abarrekin zerikusia zuten 3.005 kasutan esku hartu zuen guztira Herrizaingo Sailak. Horrek, % 29ko jaitsiera suposatzen du 2009ko kopuruarekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea