Politika -
Urteko asanblada
Euroeskualdeak % 20 handitu du aurrekontua, gazteak jomugan
Erakundeak 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta horietako 1,2 milioi euro funts propioak izango dira, mugaz gaindiko ekintzak finantzatzeko.
agentziak | erredakzioa
Akitania Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdeak urteko asanblada egin du gaur Iruñean, eta iragarri du % 20 handituko duela lankidetza proiektuetarako aurrekontua, gazteengan jarrita arreta berezia.
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Alain Rousset Akitania Berrikoak eta Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin dute asanbladaren ostean Euroeskualdearen aldeko apustua berresteko.
Euroeskualdeak Europar Batasunean "paper sendoa" jokatzen duela azpimarratu du Barkosek, eta Urkulluk iritzi hori berretsi eta mugaz gaindiko lankidetzaren eraginkortasuna goraipatu du. Roussetek, berriz, esan du Europan "hobekien funtzionatzen" duen lankidetza dela Euroeskualdearena.
Erakundeak 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta horietako 1,2 milioi euro funts propioak izango dira, mugaz gaindiko ekintzak finantzatzeko, Barkosek azaldu duenez.
Lau dira lan ildo nagusiak, eta lehenengoa "euroeskualdetar herritartasuna"rekin lotua dago (hizkuntza aniztasuna, kultura eta gazteria); bigarrena, berriz, ezagutzaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren ekonomia sustatzean eta unibertsitatearen mugikortasunean zentratzen da.
Hirugarren eta laugarren zutabeek lurralde iraunkorra (mugikortasuna eta garraioa, nekazal baliabideak, ingurugiroa eta turismoa) eta Euroeskualdearen gobernantza eta ikusgarritasuna dituzte jomugan, hurrenez hurren.
Gaur egungo Akitania Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdea 2017an sortu zen, Nafarroak bat egin zuenean. Urtebete lehenago Limousin eta Poitu-Charentes eskualdeak Akitania Berrian sartu ziren.
2018tik Nafarroak du Euroeskualdearen presidentetza, eta 2020an emango dio lekukoa EAEri.
101.000 kilometro koadroko hedapena du Euroeskualdeak, eta 8,7 milioi pertsona bizi dira bertan, hau da, Europar Batasuneko biztanleen % 1,74. 2018ko datuen arabera, 3,95 milioi langile, 1,78 milioi ikasle, % 10,5eko langabezia tasa eta 28.400 euroko BPGa du biztanleko (EBren batez bestekoa ia).