Politika -
Biktima politikoak
Jaurlaritzak laguntzak emango dizkie aurten Poliziaren biktimei
Eusko Legebiltzarrak laguntzak ematea eta biktima horiei buruzko txosten-batzorde bat eratzea adostu du.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak biktima politikoei buruzko ekimen bat onartu du gaur, Segurtasun Indarrek eta "Estatuko agenteek" hildakoei laguntzak ematea eta biktima horiei buruzko txosten-batzorde bat sortzea helburu.
Ekimena EAJk, PSE-EEk, Aralarrek, EAk eta EBk sinatu dute, eta gehiengo osoz onartu du Ganberak. PPk biktima horiek aintzatesteko hainbat neurri aurrez ikusten dituen puntua babestu du eta UPyD abstenitu egin da, baina bi alderdiek txosten-batzordea sortzearen aurka bozkatu dute.
2009ko abenduaren 22an, Eusko Legebiltzarrak biktima politikoei egindako giza eskubideen urraketei buruzko txostena egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren azken agintaldian zirriborro bat egin zuten.
Egungo Jaurlaritzak egindako txostena iazko amaieran aurkeztu zuten Gasteizko Ganberan. Horretan, biktima politikoak zer diren zehaztu zuten.
Talde parapolizialak
Hain zuzen ere, indarkeria mota horren egileak "botereaz abusatu duten Estatuko agenteak" eta "elkarte edo talde parapolizialak" dira.
Legebiltzarrak onartutako ekimenak dei egiten dio Gobernu autonomikoari berehala "espazio instituzional administratiboa" sortu eta hori baliabidez eta egituraz hornitzeko.
Beste puntu batean, biktima horiek aintzatesteko neurriak abiatzeko eskatzen dio.
Bestalde, Legebiltzarrak diru-laguntzak ematea, horiek jasotzeko baldintzak azaltzea eta aurrekontua zehaztea eskatu dio.
Gobernuak, gainera, agerraldiak egin beharko ditu abiatutako neurriak azaltzeko.