Politika -

Hauteskunde orokorrak

Transferentzien egutegiak bere horretan jarraituko du, A28ko hauteskundeen ostean

"Hurrengo Gobernua PSOEk zuzentzen badu, argi dago egutegia bete beharko duela, baina, boterean edozein alderdi egonda ere, horixe bera egin beharko du", nabarmendu du Erkorekak.

Josu Erkoreka. EFEren artxiboko irudia
Josu Erkoreka
Josu Erkoreka. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu du apirilaren 28ko hauteskundeen ondotik Espainiako Gobernuarekin egingo duten lehen bileran "transferentzien aferaz" jardungo dutela. Hain zuzen ere, hauteskunde orokorrak irabazten dituen alderdia gorabehera, Pedro Sanchezekin adostutako transferentzien egutegiari eutsiko diotela esan du Erkorekak.

Bilboko Radio Popular irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, hauteskunde deialdiak transferentzien eskualdatzea "zaildu" du, nahiz eta Sanchezek onartutako egutegiaz baliatuko den Jaurlaritza, agintean edozein egonda ere.

"Hurrengo Gobernua PSOEk zuzentzen badu, argi dago egutegia bete beharko duela, baina, boterean edozein alderdi egonda ere, horixe bera egin beharko du", nabarmendu du Erkorekak.

Pedro Sanchezek eta Iñigo Urkulluk zuzendutako gobernuek urtarrilean itxi zuten lan egutegia. Horren arabera, Euskadik epe ezberdinetan jasoko ditu Gernikako Estatutuan jasotako 33 eskuduntzak.

Erkorekak azpimarratu du Estatutua "goitik behera betetzeko" hartutako konpromisoek edozein egoera politikoren gainetik egon beharko luketela.

"Gobernu berriak egutegia betetzeko asmorik erakusten ez badu, publikoki iragarri beharko du legea beteko ez duela, alegia, horren berri eman beharko du", argitu du Jaurlaritzako bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak