Politika -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarretik begizta horiak kentzeko eskatu dio Tejeriak EH Bilduri
EH Bilduk azaldu du "eraikinaren barnealdean" jarri zituztela lazo horiak, nahiz eta kanpotik ikusgai dauden. Orain arte, baina, ez omen dute horiek kentzeko eskaera ofizialik jaso.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko bulegoetako leihoetatik begizta horiak kentzeko eskatu dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak EH Bilduri, eraikinaren kanpoaldetik ikusten direlako.
EH Bilduko iturriek azaldu dutenez, iragan asteko ostiralean jarri zituztela lazoak, "eraikinaren barnealdean". Halere, EH Bilduren esanetan, oraingoz ez dute begiztak leihoetatik kentzeko eskaera ofizialik jaso.
"Kataluniako presoei elkartasuna adierazteko" ezarri omen zituzten lazoak, eta, EH Bilduren ustez, ez dira "iraingarriak". "Ez dugu arrazoirik ikusten halako eztabaidarik pizteko", gaineratu dute aipatu iturriek.
Legebiltzarreko presidenteak gogora ekarri du eraikin horretan ezin dela inolako ikurrik jarri, baldin eta aurretik alderdien arteko akordiorik ez badago. Hori dela eta, Tejeriaren iritziz, EH Bilduk jarritako lazo horiek araudia urratzen dute, kanpotik ikusten direlako, eta, horrenbestez, eraikinaren aurrealdearen parte direlako.