Politika -
Zapateroren erabakia
Zapaterok hauteskundeak lehenbailehen deitzea nahi du Rajoyk
PPren buruzagiak uste du hori izango litzatekeela "zentzuzkoena" Espainiak "konfiantza" izan dezan eta Gobernuaren "bitartekotasuna" egoera saihesteko.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPren buruzagiaren esanetan, lehenbailehen hauteskundeak deitzea izango litzateke "zentzuzkoena" Espainiari konfiantza emateko eta Gobernuaren "bitartekotasun" egoera saihesteko.
Cadena Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok presidentegai ez izateko hartu duen erabakia izan du hizpide. Erabaki horrek ez duela Espainiaren "segurtasuna eta konfiantza" berreskuratuko azpimarratu du Rajoyk.
Gobernuan "bitartekotasun" egoera sortuko eta PSOEn "bi buru" agertuko badira ere, buruzagi popularrak argi adierazi du ez dutela zentsura-moziorik aurkeztuko, PPk ez baitu nahikoa babes.
Zapateroren ukoak soilik PSOEren "agertoki aldaketa" eragingo duela azpimarratu du, ez duela herritarrengan aldaketarik suposatuko, izan ere, egoera ez da "nabarmen" aldatu eta "gauzak zeuden bezala daude".
Zapateroren ukoa baino gehiago, Espainiak behar duena "aldaketa politikoa" dela uste du eta "gaizki agindu duen Gobernua oposiziora pasatzea", adierazi du Rajoyk.
PPren buruzagiak hauteskundeak aurreratu behar direla berretsi du, eta 2010eko uztailean eskari berbera egin zuela gogorarazi du. Ordutik, "arazoek okerrera" egin dutela uste du Rajoyk.
Buruzagi popularraren arabera, alde handia dago Zapateroren eta Jose Maria Aznarren oinordekotzetan, Aznarrek berak erabaki zuelako ez aurkeztea eta Zapateroren kasuan alderdikideek "behartu" dutelako.
Rajoyk ez du Zapateroren balizko oinordekoen inguruan hitz egin nahi izan eta "zorte ona" opatu dio presidenteari.