Politika -
Legebiltzarreko batzordea
Urchueguia: 'Somotoko lursaila erostea ez zen zentzuduna izan'
Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Lasarteko alkate ohiak, Somoton (Nikaragua) egindako ustezko irregulartasunei buruz hitz egiteko. Lankidetza "eraginkorra" izan dela adierazi du Urchueguiak.
Erredakzioa
ASODECOM garapenerako elkarteari 2007an, Somoton (Nikaragua), lursail bat erostea "oso zentzuduna izan ez" zela onartu du gaur Ana Urchueguia Lasarteko alkate ohiak.
EAJk, Aralarrek eta EBk eskatuta agerraldia egin du gaur Urchueguiak Eusko Legebiltzarreko Kanpo Ekintzaren batzordean. Grupo Noticias enpresako egunkariek argitaratutako informazioei buruz azalpenak eman ditu Lasarteko alkate ohiak. Gobernuz kanpoko erakundeari (GKE) lursail bat erosi zion Urchueguiak milioi bat euroren truke, Grupo de Noticiasen arabera. GKEren presidentea Marcio Rivas Lasarteko alkate ohiaren bikotekidea zen.
Egunkari horien arabera, Urchueguiak gutxienez bost jabetza ditu Somoton. Lasarteko Udalaren laguntza publikoak Somotora bideratu zituzten. 2009an osatutako udal-batzordea laguntza horiek ikertzen ari da.
Agerraldian, Somotori laguntzeko bideratutako dirua "eraginkorra" izan dela defendatu du Urchueguiak, "kontrol zorrotza" izan duelako. 10 etxebizitza egiteko 20.000 dolar bidaltzen zituztenean 12 etxe egiten zirela erantsi du agintariak.
Somotora bidalitako diru guztia lankidetza egitasmoetan kudeatu dela ziurtatu du, eta soberakina laguntza sozialerako erabiltzen zen.
Somoton bost jabetza dituela azaldu du Urchueguiak, ez 12, argitaratu den bezala. 98 hektareako lursaila 60.000 dolarren truke erosi zuela azaldu du, baina eskaini ziotelako. Orduan "garrantzirik eman ez" ziola onartu du, gerora izan duen oihartzuna ikusita.
Zentzu horretan, "zentzuduna" izan ez zela onartu du, "akats" bat izan zen, baina lursaila eskaini ziotenez bere diruarekin erosi zuela erantsi du, erosteko ahalmena zuen eta "etorkizuneko egitasmo" bat zen. Izan ere, urte batzuk barru Nikaraguan bizi nahi du.