Politika -
Eusko Legebiltzarrean
Sorturi ETAren historiaren gaitzespena exijitzeko eskatu du Covitek
Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean Carmen Borrajo Coviteko ordezkaria izan da, Patxi Lopezen Gobernuak abian jarritako neurriei buruz hitz egiteko.
Erredakzioa
"ETA-Batasunaren" alor politikoak ETAren "historio osoa" gaitzetsi behar duela uste du Covite Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Gaur, Eusko Legebiltzarreko taldeei eskatu die exijentzia hori ezker abertzalearenak diren alderdiei egiteko. Horrez gain, Covitek esan du ETAren "abertzaletasun baztergarriari" zilegitasuna kendu behar zaiola.
Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean Carmen Borrajo Coviteko ordezkaria izan da, Patxi Lopezen Gobernuak abian jarritako neurriei buruz hitz egiteko.
ETAk iragarritako azken su-etenari eta hauteskundeetan egon ahal izateko ezker abertzalearen "formula ezberdinei" buruz mintzatu da Borrajo Legebiltzarrean. Sortuk aurkeztutako estatutuei buruz esan du "nahikoa ez dela", gaitzespenik ez dagoelako.
"Baztertzearekin ez da nahikoa, gaitzestea beharrezkoa da", gaineratu du. Bere ustez, ekintza zehatz bat baztertzeak ez dakar ekintza hori "legez kanpokoa denik". "Pertsona edo talde horren interes ezberdinekin bat ez datorrela besterik ez du esan nahi", azaldu du.
Coviteren ordezkariaren ustez, ekintza hori "gaitzesten bada", ekintza hori "arbuiagarria" eta "kaltegarria" izango da, "ekintza terrorista batek behar dituen kalifikazioak, alegia".
Horrez gain, Sorturen legeztatzeak ez duela ETAren amaiera ekarriko uste du Covitek. ETAren amaiera lortzeko "beharrezkotzat" jo ditu polizia ezberdinen eta epaileen lana, batasun politikoa, gizartean bazterketa eta erakundeetatik kanporatzea, besteak beste.
"Zenbait alderdik" biktimei "esku zabaltasuna" eskatzea gogor kritikatu du Borrajok. ETAko kideei barkatzeko eskariak ere salatu ditu, "haiek barkamenik ez digutelako inoiz eskatu".
Borrajorekin batera Consuelo Ordóñez (ETAk 1995. urtean hil zuen Gregorio Ordóñez PPko zinegotziaren ahizpa) ere izan da aipatu agerraldian.