Politika -
Legez besteko proposamena
GALen kasu guztiak argitzeko eskatu du EAk
Alderdi abertzaleak eskaera bat aurkeztu du Legebiltzarrean, "Estatuko terrorismoaren biktimen egia ezagutzeko eskubidea, justiziarako eskubidea eta erreparaziorako eskubidea" aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EAko parlamentariak ikertzeko dauden GALeko auziak argitzea eta ikerketak zein epaiketa prozesuak berriro zabaltzea exijitzeko eskatu dio Legebiltzarrari.
Horretarako, Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du "Estatuko terrorismoaren biktimen egia ezagutzeko eskubidea, justiziarako eskubidea eta erreparaziorako eskubidea" aldarrikatzeko. Gainera, "Planchueloren aurkako epaiketa GAL auzia amaitutzat emateko ez duela balio" ohartarazi du.
Eusko Alkartasunak honela dio bere testuan: "Miguel Planchuelo poliziaburu ohiaren aurkako epaiketa GAL kasua amaitutzat emateko erabiltzeko arriskua dago. Hori eginda, GALek eta muturreko eskuineko talde terrorista guztiek egindako atentatuen errudunak zigorrik gabe gelditzeko arriskua dago. Horietako asko nortzuk diren ere ez da oraindik argitu".
Beraz, EAren ekimenak "beharrezko neurriak hartu eta ikerketak bultzatzeko" eskatzen die Gobernuari eta Justiziari "argitzeke dauden kasu guztiak argitu eta behar bezalako oinarrik gabe itxitako ikerketak berriro zabaltzeko".