Politika -

Ares-Rubalcaba bilera

Rubalcabak ohartarazi du 'bi luparekin' zainduko dutela Bildu

Barne ministroaren esanetan, EAEko eta Espainiako gobernuak elkarlanean arituko dira ezker abertzalearen zerrendak aztertzeko, "inork ez dezan legea urratu".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcabak ohartarazi du EAEko eta Espainiako gobernuek "bi lupa" jarriko dituztela eta elkarlanean ariko direla ezker abertzaleak udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrendak zaintzeko, "inork ez dezan legea urratu".

Rubalcaba Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin bildu da gaur Erandioko Ertzaintzaren egoitzan ETAren kontrako borroka eta elkarlanean aritzeko mekanismoak hizpide. Bileran izan dira, era berean, Antonio Camacho Estatuaren Segurtasun idazkaria, Rafael Iturriaga Segurtasun kontseilariordea eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

Aresen esanetan, "babesa behar duten pertsona horien segurtasuna bermatzeko operatiboak indarrean mantentzea" adostu dute Herrizaingo sailburuak eta Barne ministroak. Gainera, maiatzeko hauteskundeetan "lege iruzurra egin nahi duten horiei buruzko informazioa" lortzeko eta Justiziari helarazteko mekanismoak jarriko omen dituzte abian.

Horren harira, Rubalcabak azaldu duenez, azken egunotan, Estatuaren Segurtasun Indarrek eta Ertzaintzak Fiskaltzaren agindua jaso dute horretarako, beraz, "adi egon beharko dugu". "Gure azken helburua legeari iruzur egitea galaraztea da eta, horretarako, Justizia auzitegiek informazio behar dute", Aresek adierazi duenez.

Rubalcabak gaineratu duenez, berriz, "duela astebete esan nuen lupaz zainduko genituela zerrendak, ba gaur beste lupa bat jartzea erabaki dugu, bi lupa jarriko ditugu, elkarlanean arituko diren bi lupa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea