Politika -

Biktimen Elkarteak deituta

Milaka pertsonak 'ETA hauteskundeetan ez egotea' eskatu dute Madrilen

Azkenean, Mariano Rajoy PPko presidentea ez da protestan egon. Manifestazioa "Terrorismoaren porrotaren alde: ETA hauteskundeetatik kanpo" lelopean egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu ditu Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Madrilen egindako manifestazioan. "ETA hauteskundeetatik kanpo" ohiukatu dute, berrogei fundazio eta elkarte inguru eta Poliziako eta Guardia Zibileko sindikatuen babesarekin.

Protesta 17:00etan hasi da Bilboko glorietan, "Terrorismoaren porrotaren alde: ETA hauteskundeetatik kanpo" lelopean, eta Colonen plazan bukatu da.

Manifestazioa Sortu eta Bilduren inguruan piztutako polemiken harian egin dute. Sorturen legeztapenaren inguruko auzia auzitegietan dago eta ETA maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduren bitartez, Eusko Alkartasunak eta Alternativak sortutako koalizioa, egon daitekeela susmatzen da.

Protestan PPko ordezkari ugari bildu da Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusia buru zutela: Antonio Basagoiti, Esteban Gonzalez Pons, Jaime Mayor Oreja, Federico Trillo eta Alberto Ruiz Gallardon, besteak beste.

Azkenean, Mariano Rajoy PPko presidentea ez da agertu, azken orduan hartutako erabakian. Jose Maria Aznar presidente ohia ere ez da egon, agenda arazoak direla eta.

Bertan egon direnen artean, berrogei elkarte eta fundazio inguru, sindikatuak eta elkarte sozialak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea