Politika -
Polizia-operazioa
Atxilotutako ETAko ustezko kideak bilatuenetakoak ziren
Oier Gomez arlo militarreko buruetako bat omen da eta Itziar Moreno EITBren Bilboko egoitzaren kontrako atentatuarekin lotzen dute.
Erredakzioa
Atzo Frantzia erdialdean atxilotu zituzten ETAko bi ustezko kideek Limogeseko komisarian igaro dute gaua eta han inguruan egon beharko dute datozen orduetan ere ikerketa amaitu arte, eta gero eramango dituzte Pariseko epailearengana.
Oier Gomez eta Itziar Moreno dira ETAko bi ustezko kideak, poliziaren kontrol batetik ihesi jendarme bat zauritu zutenak.
Espainiako Poliziaren arabera, ETAko kide bilatuenen artean zeuden biak eta hainbat atentaturekin lotzen dituzte.
Terrorismoaren kontrako iturriek azaldu dutenez, Oier Gomez ETAren arlo militarreko buruetako bat zen eta Obidosen (Portugal) 1.500 kilo lehergai gordetzen zituenetako bat zela ere uste dute.
Itziar Moreno Bilbon egindako bi atentaturekin lotzen dute: PSE-EEren Bilboko egoitza baten kontrakoa eta EITBren egoitzan jarritako bonba-autoa.
Ia 20 orduko ihesaldi baten ondoren atxilotu zuten bikotea, 300 militarren laguntzarekin eta hiru tiroketaren ondoren.
Lehenengo tiroketan zauritu zen jendarmea hobera egiten ari da eta ebakuntza egin ostean, arriskutik kanpo dago.
ETAko bi ustezko kide horien atxiloketarekin, dagoeneko 38 dira atxilotu dituztenak ETAk urtarrilaren 10ean su-etena eman zuenetik.