Politika -

Agiria

FAPE elkartea, Legebiltzarrak EITBn egindako 'injerentzia'ren aurka

Espainiako Kazetari Elkarteen Federazioak kritikatu egin du Eusko Legebiltzarrak EITBri legez kanpoko ezker abertzaleko kideak ez elkarrizketatzea eskatu izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kazetari Elkarteen Federazioak (FAPE) adierazi du Eusko Legebiltzarrak EITBri legez kanpoko ezker abertzaleko kideak ez elkarrizketatzea eskatu izana "hedabideen funtzioaren aurkakoa" dela.

Bere esanetan, izan ere, PSE-EEren, PPren eta UPyDren botoekin onartutako ebazpena erakundeek kazetarien lanean egindako "esku-hartzea" izan da.

Agiri batean, FAPEk esan du hedabideen lana "gizarteari gaurkotasunari buruzko informazio osoa, egiazkoa eta egiaztatua" ematea dela. Horrenbestez, kazetarien eta hedabideen beharra "gertakizunei buruz" informatzea da, eta horrek ez du esan nahi "gertatutakoaren alde edo aurka agertu izana".

"Zentzu jakin batean agertuko direnei baino ez zaiela ahotsa emango ezartzea beste jarrera batzuen existentzia ukatzea da, eta ondorioz, gizarteari errealitatea bere osotasunean ez erakustea", nabarmendu du federazioak.

Halaber, FAPEren esanetan, ezker abertzaleari "lekua ez ematea" eskatzea "oso orokorra" da, eta hori "arriskutsua da lanbidearentzat". "Hori oinarri, ezingo litzateke informatu ETAren agiriei buruz", ezta, adibidez, indarkeria terroristaren historiari buruzko erreportajerik egin ere.

Beste adibide batzuk aipatzean, kazetariek aldarrikatu dute argudio horiekin xenofobiari buruzko albisteak ere ezingo liratekeela egin.

Hori horrela, FAPEk defendatu egin du hedabideen eta kazetarien eskubidea "aldez aurretik ezarritako baldintzarik gabe" informazio "osoak" eman ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea